Derbia eta lidergoa lortu ditu Laskorainek

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko abe. 13a, 11:57
Dena aldeko izanik, Ibartarren puntuak hanka egin zuten azken minutuetan.

Jubenilen Areto Futbol Nazionaleko kategoria goreneko Tolosaldeako derbiak ez zien hutsik egin larunbat arratsaldean Usabalera hurbildu ziren 400 bat zaleei. Bertan, gure kirolean eskualdeko gazte oparoenak diren asko jokatzen ikusteko aukera izan zen. Partida ikusgarria, non denetatik ikusteko parada izan zen: 10 gol markagailuan, penalti bikoitzak, atezain jokalaria, estrategia-golak, etab., azken finean, gure kirolak dituen osagai guztiak partida ikusgarri batean kontzentratuta. Goleadaz irabazi zuena, eskualdeko areto futbola izan zen.

Bi taldeak aurkariaren atearen bila joan ziren hasiera-hasieratik, nahiz eta Laskorainek eragindako presio altuak Lauburu Mahalak baloia galtzera eramaten zuen.

Tolosarrak, ibartarrak ez bezala, joko zuzenagoaren bila joan ziren, presio irteeran pibotarekin landuz, eta kontraerasoa egiteko aukera ikusten zen guztietan trantsizio arinekin aurkariaren defentsan ezustekoa emanez.

Tolosarren area ertzean egindako falta batek ibartarrentzat ireki zuen markagailua partidaren bederatzigarren minutuan; Arrak Zuriri lagundu eta honek, jaurtiketa estu batekin zutoinera bota zuen azpitik. Minutu eta erdi beranduago Colasek, 0-2koa egin zuen beheran amaitu zen presio irteera batean.

Tolosarrak, norabidea berreskuratu nahian, hutsarte bat eskatu zuten eta ondotik, defentsa-intentsitatea areagotu zuten. Ibartarren defentsan akats batek 1-2koa eragin zuen, Lasa izan zen eta partidak emozioa berreskuratu zuen. Hemendik aurrera aukerak sortu ziren bi taldeentzat, baina Laskorain izan zen aprobetxatu zuena, bi minutu faltan Juaristik binako emaitza lortu baitzuen; gertatu zen moduagatik gol psikologikoa izan zen eta Lauburu Mahala lekuz kanpo utzi zuen une horretan. Atsedenaldira berdinketarekin joango zirela ematen zuenean, 10 segundo faltan eta Tolosarren kontraeraso berri batean, Gabak ongi aprobetxatu eta taldea abantailarekin bidali zuen aldageletara.

Atsedenalditik bueltan, Lauburu Mahalak partidaren pisua hartu zuen berriro; 40 segundora, eta zorte pixka bat lagun zuela, berdinketa egin zuen; Julenek Zuriren jaurtiketa bat alderatu eta bertako taldearen atezaina ezustekoan harrapatu ostean izan zen. Handik aurrera partidaren minuturik alaienak bizitu ziren, markagailuan 3-3 eta bi taldeak kontrakoaren atera erasoan eta biak akats ugari eginez defentsan; zoramen honetan Lasak 4-3koa egin zuen, 15. minutuan eta Tolosarrak berriro aurreratu ziren.

Ibartarren estrategia eraginkorra zen atearen aurrean eta Zuriren bidez, falta batean eta 9 minuturen faltan, berriro lortu zen berdinketa egitea. Berdinketa honekin, partida ireki bateko emozioa piztu zen berriro; bi taldeak duten guztia eman zuten multzoaren lidergoaren bila.

Partida hautsi egin zen, bederatzi minutu aurretik eta Laskorainek bosgarren falta pilatu zuen; Ibarrakoek penalti bikoitza botatzeko aukera izan zuten, baina Mikel Landak bikain geratu zuen. Kontraeraso ugari jarraian, defentsa hautsiak, ikuslearentzat oso ikusgarria azken finean; teknikoentzat desesperatzeko modukoa berriz, jokalarien bihotza eta antsietatea nagusi zenez, ez zutelako partida hoztea lortzen.

Bi minutu besterik ez ziren geratzen Lasak beste gola sartu zuenean: partida bikaina egin zuen jokalari hau 1x1 batean biratu eta Odei menperatu zuen ezkerrarekin egindako jaurtiketa bortitz batekin. Intentsitatea areagotu zen Usabalen eta bisitariek hutsartea eskatu zuten, gauzak ordenatu eta partiduari eusteko haina konfiantza eta errekurtso helarazteko asmoz. Alta, oraingoan ez zuen balio izan, moralki gogorra izan zen jasandako kolpea eta 1:28 minutu falta zirela Gabak behin betiko itxi zuen partida: piparreroek alderatzea eskuratzerik lortu ez eta Odei azpitik menderatu zuen; Lauburuk berdinketaren bila, Liher bosten ateratzeko kamisetarekin prest zegoenean gertatu zen.

Lidergoa Tolosarrentzat; hurrena Torrelavegako Marrock taldearen pistan berretsi beharko dutena eta lehenbiziko itzuli osoaren azken jardunaldia izango dena. Gureak berriz, Castro jasoko dute Belabietan eta berregin beharko dira abantaila gehiago ez galtzeko; Castro moratuengandik sei puntura dago eta momentu onean dator.

 

PARTIDAREN XEHETASUNAK

LASKORAIN K.E.: Mikel Landa, Lasa (3), Juan, Gaba (2), Paul.  Joseba, Aritz, Julen, Martín, Juaristi (1) eta Beñatek ere, jolastu zuten.

LAUBURU MAHALA: Odei, Zuri (3), Josu, Aitor eta Colas (1). Liher, Arra, Alex, Huici eta Gurruk ere, jolastu zuten.
  

GOLAK

0-1 MIN 9 Zuri 

0-2 MIN 11 Colas

1-2 MIN 14 Lasa  

2-2 MIN 18 Juaristi

3-2 MIN 20 Gaba

3-3 MIN 21 Zuri

4-3 MIN 25 Lasa

4-4 MIN 31 Zuri

5-4 MIN 38 Lasa

6-4 MIN 39 Gaba

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!