Lauburuk eraginkortasuna aurkitu du garaipen garrantzitsua lortzeko (8-2)

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko abe. 12a, 11:53
Partida bikaina, Lauburuk atzokoan jokatutakoa. Alfredo Hualdek gidatuta, gure mutilak seriotasun eta iraunkortasun handia erakutsi zuten; jarrera honek Graccurris errioxar taldeak eragindako zailtasunak saihesten lagundu zien eta bigarren zati bikain batean partida erabakita uzteko trebetasuna izan zuten.

Norgehiagokaren hasieran laubururen kuadroa bere defentsa aurkariaren kantxa erdian mantentzen saiatu zen, eta abilezia erakutsi zuen jokaldi honekin, izan ere, Graccurris taldeari baloia ateratzea asko zaildu zion eta aldi berean, baloi-osteak sortzen zituzten errioxarren atean arrisku aukerak sortuz. Orokorrean, jokoaren kontrola etxeko taldearen esku egon zen ia partida osoan. Hala ere, Graccurrisek erakutsi zuen, denboraldian erakutsi duen moduan, oso ondo lehiatzen dakien bloke bat dela eta partidaren edozein momentutan arriskua sortzeko gai dela jokatzeko duen berezko estilo horrekin.

Lehenbiziko zatian tanto bakarra ikusi zen, eta Nourdinek egin zuen partida hasi eta bost minutura. Urretxuko gazteak goranzko joeran jarraitzen du eta atzo arratsaldean bi gol egin zituen. Lehenengoa Andoni Carlosenak egindako pase diagonal bat jaso, errioxar atezaina azpitik gainditu eta markagailuan 1-0ekoa finkatuz egin zuena izan zen. Hortik aurrera, aukera garbi asko izan zituzten baina tantoan ez zuten asmatu. Bisitariak Endikaren atearen aurrean arrisku gutxi sortu zuen, baina tartea hain justua izateak partida tentsio batean bizitzea eraman zituen ibartarrak.

Lehenbiziko zati onaren ostean, garatutako joko bikaina bigarren zatian ere berretsi behar zen, baina Graccurrisek sartu zuen berdinketaren gola, hasi eta hiru minutura. Aurrez prestatutako bandako sake baten ostean etorri zen tantoa, Hafidek egindako jaurtiketa indartsu batekin amaituz. Hauexek izan ziren bisitarien minuturik onenak; tartea handitzen asmatu ez izanagatik urduritasuna pilatu zitzaien etxekoei eta Graccurrisek hori aprobetxatzen jakin izan zuen, denbora tarte txiki batean, baina sortutako aukerak Endikak ongi ebatzi zituen.

Lauburu, atzoko partidaren garrantziaz jabetuta, erabat murgildu zen bertan eta konfiantza eta lasaitasuna helaraziz, jokoaren kontrola hartu eta errioxar atea inguratu zuen berriro. Horrela iritsi zen Javi Saldisen tantoa, goleatzaile nekaezinak, pase luze bat jaso ostean errioxar atezaina trebetasunez menderatu zuenean. Tanto hau oso garrantzitsua izan zen partidaren gainontzekoaren aurrean, berdinketaren tantotik gutxira iritsi baitzen eta determinazio osoarekin garaipenaren bila joateko haina konfiantza eragin zuelako.

Jarrera honek hurrengo 6 minutuetan saria izan zuen, tarte horretan moratuen beste hiru gol iritsi baitziren. Lehenengoa Garmenek egin zuen, errioxar areatik gertu baloi bat lortu eta keinu tekniko baten bidez Santiago menderatu zuenean. 4-1ekoa eta 5-1ekoa Andoni Carlosenak egin zituen, jokalaria, beste arratsalde batean, ibartarren makinerian ezinbesteko pieza izan zelarik. Bereziki ederra bietako lehenengoa: berak gidatutako bakarkako jokaldi bat amaituz, ia angelurik gabe, eskuadratik, errioxar ateetan sartu zuen jaurtiketa bortitz bat eginda.

Hamar minutu faltan eta oraindik ospatzeko asko geratzen zen: Asier Aierbek Bigarren B Mailan sartutako lehenbiziko gola, adibidez. Ibartar jokalari honek, Aitzolen jaurtiketa baten ostean bisitarien atezainak egindako alderatze bat harrapatzea lortu eta bere goleatzaile sena erakutsiz, (orain arte ezkutuan) lortutakoa. 7-1ekoa Beñaten lana izan zen, trantsizio azkar batean amaitutakoa eta Graccurris taldeak jada, atezain jokalaria aterata zuenean.

Bisitariek gogor saiatu ziren eta bigarren golaren saria lortu zuten; 7-2koa Hafid-ek egin zuen berriro, bere burua lurrera bota eta filtratutako baloi bat bigarren zutoinera bidaliz errematatu zuenean. Jarraian azken gola iritsi zen eta berriro Nourdinek egin zuen: Alfarokoen defentsan zegoen desordena aprobetxatu, bere parekoa kalitate handiz gainditu eta Santiagoren atean sartu zuen.

Laburbilduz, garaipen garrantzitsua, ibartarrek lortutakoa, 18 puntu pilatzea eta aurreko taldeekin tartea txikitzea eraman dituena. Kirolean ukaezina den egia bakarra emaitzak izaten direnez, azken bi partidetan lortutako puntuekin moratuen edalontzia beteago ikusten da orain. Datorren jardunaldia, urteko azkenekoa izango dena, ilusioaz hartzea eragingo du honek, ea urtea sailkapenaren erdialdetik gora kokatuta amaitzen duten; egindako lanagatik eta lortutako hazkundeagatik ongi merezita izango dute bai jokalariek eta baita teknikoek ere. Alfredo Hualderen lana azpimarratu nahi dugu berriro, atzokoan esan zion agur txapelketari, nahiz eta denboraldian zehar hainbat entrenamenduetan gurekin jarraituko duen. Taldeak astelehenean berrartuko ditu entrenamendu-lanak, burua hurrengo talkan jarria: Gasteizko Aurrera taldearen aurkakoa. Ilusioz beteriko hitzordua izango da, non moratuek urtea garaipenarekin ixteko egin ahalak egingo dituzten. GOAZEN LAUBURU IBARRA!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Endika, Andoni Carlosena (2), Garmen (1), Javi Saldise (1) eta Agus. Aitzol, Nourdine (2), Xabi, Beñat (1) eta Asier Aierbek ere, jolastu zuten (1).

C.D. GRACCURRIS F.S.: Santiago, Moi, Jose Carlos, Javier eta Álvaro. Hafid (2), César, Sergio, Ramón eta Eduardok ere, jolastu zuten.

 

TXARTEL HORIAK:Aitzol (LAUBURU K.E. IBARRA).

 

GOLAK

1-0 MIN  5  Nourdine

1-1 MIN 23 Hafid

2-1 MIN 24 Javi Saldise 

3-1 MIN 26 Garmen

4-1 MIN 29 Andoni Carlosena

5-1 MIN 30 Andoni Carlosena

6-1 MIN 33 Asier Aierbe

7-1 MIN 35 Beñat 

7-2 MIN 38 Hafid

8-2 MIN 39 Nourdine

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!