Lauburu Mahala Laskorainekin neurtuko da Usabalen

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko abenduaren 9a

Jubenilen Ohorezko Mailak, zubian atsedenik hartu gabe, bigarren itzuli honetako azken aurreko jardunaldia jokatuko du asteburu honetan, zirraragarria izango den derbia, hain zuzen. Hitzordua larunbatean, Tolosako Usabal kiroldegian, 15:30ean. Bertan aurrez aurre, txapelketan buru diren eta hamarretik bederatzi partida irabazi dituzten bi taldeak: Lauburu K.E. Ibarra Mahala eta Laskorain K.E.

Edozein derbi baten aurretik esaten den moduan, ez dago faborito garbirik eta norgehiagoka oso lehiatua eta parekatua izango dela aurreikusi daiteke. Golaren aurrean badirudi Tolosarrak, une hauetan, ibartarrak baino hobeto dabiltzala, baina kantxan zer gerta daitekeen ezin da inoiz jakin.

Hiru puntuek duten garrantzia ikusita partida oso interesgarria izango da, baina aldi berean, kontuan hartu behar da, txapelketaren erdira ere, ez garela iritsi oraindik eta partidaz partida lan asko egin beharko dela.

Klubeko beste taldeei dagokienez, aurreko asteburuan denetatik gertatu zen: LAUBURU ALDAZ KLINIKA, 1go Maila, 0-1 galdu zuen Tellatuberri Zaldibiren aurka; LAUBURU ALDAZ KLINIKA, emakumezkoen ligak, 1-9 irabazi zuen Anoetaren aurrean; Kadeteek berdinketa egin zuten, hiruna, Intxaurrondoko Interren aurka.

Asteburu honetan, LAUBURU K.E. IBARRA, kadeteak bakarrik izango dira txapelketan jarraitzen dutenak, izan ere, nahiz eta txapelketak atsedena duen, Summa taldearen aurka suspenditu zuten partida hura jokatu beharko baitute. Larunbatean izango da, 13:00etan Belabieta kiroldegian.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!