Lauburuk ez du berdinketatik pasatzea lortu Santurtzin aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko aza. 28a, 10:53
Larunbatean Belabietan Lauburuk lortutako emaitza, okerrenetik onena izan zela esan daiteke. Mikelen mutilak ezin izan zuten Santurtzi garaitu, argi geratu zen sailkapenak erakusten duena baino talde hobea dela.

Partida, hasi orduko zaildu zitzaien ibartarrei; lehenbiziko hiru minutu bete aurretik, Miguelek, Markelen zerbitzu on batez baliatuz, bigarren zutoinetik sartuta amaitu zuen bisitariek egindako kontra bizkor bat. Gol honek jakindakoa berretsi zuen, alegia, Mati Carrascosaren taldea bere zoritxarreko aldiari buelta emateko eta markagailua garaipenarekin inauguratzeko asmo irmoarekin etorri zirela Belabietara.

Tanto horrek min egin zion ibarrako taldeari; ibartarrek ez zuten defentsa doitzea lortzen eta bizkaitarrek atzetik botatzen saiatzen ziren diagonalei aurre egitea eragozten zien. Honela, zazpi minutu besterik igaro ez zirela, Mikelek hutsartea eskatu behar izan zuen eta tarte honek izan zuen eragina: Santurtzi bere atetik urrun presioa sartzen jarraitzen bazuen ere, Zuhaitzen atean arrisku egoerak gutxiagotzen joan ziren. Azpimarratzekoa da, Tolosar atezainak berriro lan bikaina egin zuela larunbatean, bigarren zatian belaunetik lesionatu zen arte.

Defentsa-lanak hobetzeak lasaitasuna ekarri zion etxeko taldeari eta pixkanaka kantxan asentatzen joan zen. Gure mutilen arratsalde on horietako bat ez zela izango nabaritzen bazen ere, arinegi okertu zen partida batean duintasunez lehiatzeko nahikoa seriotasun erakutsi zuten. Lehiatzeko gaitasun hau medio iritsi zen berdinketaren gola: Agusek eragindako presioak, bisitarien gibelean okerreko pase bat egitea ahalbidetu zuen; oker hau Xabik aprobetxatu eta Marioren ate azpitik sartu zuen.

Berdinketa honek, bi taldeak arriskatu beharrekoa neurtzea eraman zituen eta honekin, gol-aukerak gutxitzea etorri zen lehenbiziko zatia amaitzeko geratzen zen tarte guztian. Minutu horietan posizio-jokoari lotutakoa izan zen, ateetara gutxietan iristen zirelarik.

Bigarren zatia emaitzaren ziurtasun ezak ematen duen tentsio jakinarekin hasi zen. Santurtzik bere lerroak igo zituen, honela Laubururi baloia ateratzea zailduz. Tonika hau bigarren zati guztian ikusi zen; bi taldeak urduri eta honek, norgehiagoka ikusgarria ez baina zirraragarria izatea eragin zuen. Jabetza bizkaitarren esku egon zen neurri handi batean eta Laubururen defentsa gaindituko zuten baloi luzeek lotu nahian jarraitu zuen; Mikelen mutilak, aldiz, arriskuak sortzen hasi ziren berriro estrategia ekintzetan. Egoera hauetan sortu zituzten aukera gutxi horietako batzuk.

Honela partida azken minutura iritsi zen eta Santurtzik bosteko jokoarekin arriskatzea erabaki zuen. Alta, Lauburu izan zen markagailua aldatzeko aukera garbiena izan zuena, Andoni Carlosenaren esku, hain zuzen, lantaldeko defentsa-lan on baten ondoren: Ezkarotzko jokalariak bere kantxatik bota zuen azken bozina jo aurretik, baina jaurtiketa okertu egin zen; jokalariak egindako partida onari amaiera bikaina ematea izango zen, baina ez zen gertatu.

Laburbilduz, puntuen banaketak 40x20an ikusitakoari men egin ziola esan genezake, nahiz eta emaitza honek gure mutilak ez dituen asebetetzen; etxean jolastutako beste partidetan hainako maila eman ez izanaren sentsazioarekin etxeratu ziren. Hala ere, meritu handiena, aurkariak Ibarrako pistan garatu zuen planteamenduari aitortu behar zaio.

Lehiaketa ez da geratzen hala ere, eta hori albiste ona da, datorren asterako beste aurrez-aurreko zoragarri bat izango baitugu: beste derbi bat, Elgoibarren jokatuko dena, abenduaren 4an. Ibartar koadroa Elgoibarko IMH-era joango da aurreko denboraldian lortutako emaitza errepikatzeko asmoz, eta Jota Arregiren mutilak berriz, errebantxa nahiko dute. Lauburuk, gaur, astelehena, atseden hartu eta asteartean jarraituko du entrenamenduekin, 19:30ean. Bisitari moduan gure lehenbiziko garaipena izatea espero dugu; beste irteeretan ia-ia lortu izanak eta aurkaria bera nor den ikusita, erregistroa inauguratzeko aukera ezin hobea dela iruditzen zaigu.  GOAZEN LAUBURU!!!!!

 

PARTIDAREN XEHETASUNAK:

 LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Xabi (1), Agus, Aitzol eta Garmen. Andoni Carlosena, Zumeta, Nourdine, Beñat, Saldise eta Balerdik ere, jolastu zuten (-1)

 SANTURTZI F.S.: Mario,Borja, Markel, Miguel (1), Jagoba. Imanol, Markel, Oliver eta Sergiok ere, jolastu zuten.

 

TXARTEL HORIAK: Nourdine (LAUBURU K.E. IBARRA); Oliver (SANTURTZI F.S.).

 

GOLAK

 0-1 MIN 3 Miguel 

1-1 MIN 10 Xabi 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!