Lauburu garaipenetik gertu, baina esku hutsik itzuli behar izan zuen

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko aza. 21a, 08:55

Mikel Diestroren mutilak porrota gogorra jasan zuten San Juan Kirol Elkartea bisitatzea joanda. Gogorra izan zen, Zuhaitzek atean lan ona egin zuelako, talde nafarraren erasoak kontrolatzen jakin izan zelako eta partida amaitzeko 10 minutu falta zirela, markagailuan aurreratzea lortu zutelako, azken 3 minutura arte aldeari eutsiz, baina zoritxarrez, etxeko koadroak markagailuari buelta eman zion, bakarka egindako bi ekimenekin.

Pentsatuta bezala hasi zen partida, bi taldeak beren defentsak gailentzen, intentsitateaz eta ongi ekinez. Lauburuk kantxaren hiru laurdenetako defentsa egiten zuen eta San Juanek berriz, bere ohiko aldaketen defentsa garatu zuen, Laubururi partida guztian zehar asko kostatu zitzaiona gainditzea. Euste-maila honen ondorioz, ibartarrentzat aukera bakarrak baloi-geratuera gutxitu ziren eta lehen zatian taldeak egindako oker gutxiei esker burututako kontraeraso batzuetara. Orokorrean, justua litzateke onartzea, San Juanek menderatu zuela ia lehenbiziko zati guztian eta ondorioz, Zuhaitzek bikain salbatu zituen hainbat arrisku aukera sortu zituztela; Horri esker, atsedenaldira hasierako emaitzarekin iritsi ziren.

Bigarren zatia tonika berarekin hasi zen, bi taldeak intentsitate handiarekin defentsan eta baloiak osteko aukerak bilatzen, kontra bat burutu ahal izateko. Partidaren fase honetan etxeko kuadroak arriskuak sortzen asmatu zuen ibartarren gibeletik baloiak sartuz; batzuetan diagonal luzeak eta beste batzuetan paralelak eginez, nafarren erasoari sakontasun handia emanez. Hala eta guztiz, minutuak aurrera zihoazen eta emaitza geldirik mantentzen zen.

Lauburuk estreinatu zuen markagailua, 30. minutuan, eta Nourdinek lortu zuen. Garmenek kornerra atera zuen, Andoni Carlosenak kanpoaldetik jaurti eta Nourdinek sareetara bidali, bisitarien pozerako. Arbelak berriro ere, emaitzak eman zituen eta garaipena gertuago ikusten zen. Alabaina, etxeko taldea, kikildu ordez, esfortzu handiagoa jarri zuen Zuhaitzen atea ixten eta piparreroen atean presentzia handituz joan zen. Honela, bisitaren areatik gertu adierazitako falta batean iritsi zen berdinketaren gola; Gillermok egin zuen jaurtiketa indartsu batekin.

Hiru minutu geratzen ziren eta markagailua berdinketara bueltatu zen, sentsazioak ez, baina; etxeko taldeak azken minutu hauetan arriskuak sortzeko gai den bloke ebakitzailea zela erakusten zuen eta honela iritsi zen emaitza finkatuko zuen gola: berriro Gillermok egin zuen, ezkerreko hegaletik hasi zen bakarkako jokaldi bat bukatzean lortutakoa, hain zuzen. Kolpea gainditzeko denborarik gabe, ibartarren koadroak azken mintu eta erdian, berdinketa lortzeko, bere esku zegoen guztia ematea erabaki zuen. Honela, bosteko jokoarekin Lauburuk, erasoan unerik onenak jokatu zituen. Denbora tarte txiki horretan, lau aukera sortu zituzten Mikel Diestroren mutilak, zutoinak jo zituzten bi jaurtiketa eta guzti, Javi Saldise eta Andoni Carlosenak egindakoak. Aukera hauetako beste batean, etxeko taldearen atezaina gaindituta, defentsa batek aldaratu zuen baloia golaren lerro berean. Baloiak ez zuen sartu nahi izan aukera guzti hauetan eta berdinketa lortu gabe partidaren amaiera iritsi zen, 2-1eko emaitzarekin.

Laburbilduz, partida honek sentsazio arraroak utzi zizkigun. Defentsan egindako lana zuzena izan bazen ere, erasoan egindako gutxik alde hori hobetzen jarraitu behar dugula gogorarazten digu. Hala ere, azpimarratu behar da, Lauburuk garesti saldu zuela porrota eta partidan jarraitu zuela azken segundora arte emaitza ona lortzeko ganorazko aukerekin. Kontuan hartu behar da, aurreko ligan hirugarren postuan amaitu zuen taldearen kantxa zela; nahikoa arrazoi ligako segidako norgehiagokari ilusioz eta baikor aurre egiteko. Aurkaria Santurtzi F.S. taldea izango da, talde ona, baina ñabardura batzuek medio, merezi ez duen posizioa okupatzen duena, jokoari begiratu zein jokalari batzuen kalitateari begiratu. Gu erabat ziur gaude, gure mutilak lan-aste honi eta partida berari ere, aurkariak duen posizioa kontuan hartu gabe aurre egingo diola. Belabietan izango gaituzue, bloke moratuak hartu duen bide baikorra berrartzeko eta larunbatekoa garaipenaren bidean geldialdi bat besterik ez zela erakusteko. GOAZEN LAUBURU!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

SAN JUAN A.D.: Iñigo, Julen, Aitor, Guillermo (2) eta Javi. Amezketa, Jorge, Román, Jon, Javier eta Jose Luisek ere, jokatu zuten. 

LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Andoni Carlosena, Andoni Zumeta, Garmen eta Agus. Xabi, Aitzol, Nourdine (1), Beñat eta Javi Saldisek ere, jokatu zuten.

 

TXARTEL HORIAK:Jose Luis, Guillermo eta Amezketa (SAN JUAN A.D.) Andoni Carlosena (LAUBURU K.E. IBARRA).

 

GOLAK

0-1 MIN 29 Nourdine

1-1 MIN 36 Guillermo

2-1 MIN 37 Guillermo  

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!