Bikote nafarrak gidatutako derbian poztasun handia hartu zuen Lauburuk

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko aza. 14a, 00:03
Garaipen lasaia lortu zuen Lauburuk, denboraldiko partidarik onena egiten zuen bitartean; oso serioa eta jokoaren fase guztietan eraginkor, norgehiagoka sasoi-betean dauden bi jokalariek erabaki zuten: Andoni Carlosena eta Javi Saldise.

Elkar oso ongi ezagutzen duten bi taldeen arteko derbi batean aurreikusi daitekeen tentsio logikoarekin hasi zen partida. Bi taldeak defentsa-zorroztasunean gailentzen saiatu ziren, ibartar kuadroak konbinazio-erasoa lantzen zuen bitartean eta donostiarrek berriz, baloi luzeekin moratuen bizkarraldea bilatzen zuten bitartean. Aukera garbiak ikusteko denbora pixka bat kosta bazen ere, Lauburuk izan zuen norgehiagokaren zama lehenbiziko minutuaz geroztik, eta minutuak pasa hala, Mikel Diestroren mutilak geroz eta konfiantza handiagoa izatea eragiten zuen.

Zazpigarren minutuan ireki zuen Andoni Carlosenak markagailua, partidako hiruetatik lehendabizikoa izango zen gola eginez. Javi Saldisekin batera jokatutako bandako sake baten ostean, 13 metroetatik egindako jaurtiketa batekin lortutako tanto eder bat. Tantoak etxekoak lasaitzeko balio izan zuen eta lasaitasun hau, eraso-jokaldietan mugikortasuna eta dinamismoaren igoeran islatu zen. Partidaren fase honetan, baloiaren jabetzari dagokionez, Lauburuk asmatu egin zuen, Inter taldearen defentsa hondoratzen amaitzen zuten eraso luzeak txirikordatuz; moratuek ekimen hau 1x1-eko amaierak bilatu edota Jorgeren atean arriskuak sortzen zituen jaurtiketak egiteko aprobetxatzen zuten. Baloiaren jabetzan halako nagusitasuna izateak, lehenbiziko zatian bisitariek benetako arriskuzko aukerarik ez sortzea eta gure mutilak aldageletara sentsazio onarekin sartzea eragin zuen.

Bigarren zatiaren hasiera tonika berean joan zen. Interrek pibotarekin konektatu nahi zituen baloiak, baina Lauburuk bere defentsan kontzentratuta jarraitzen zuen, horrela eraso-jokaldiak lasaiago lantzen jarraitzeko. Alta, emaitza estu horrek tentsioa ematen zion partidari, edozein ekintzarekin alda zitekeelako. Bigarren zatiaren hasiera honetan, bisitarien kuadroak hainbat kontraeraso egin zituen, baina oso ongi ekidin ziren, ibartar defentsa zein Josebaren aldetik.  

2-0ekoa, Nourdinek bikain gidatutako defentsa-eraso trantsizio azkar batean etorri zen, Andoni Zumeta eta Agusekin batera, hegaletan min handia eraginez, bigarren zutoinera bidali zuen, Andoni Carlosenak tantoa egin zezan. Segituan piparreroen hirugarren gola iritsi zen, berriro estrategia-gola, Lauburu bereziki eraginkor eta langileari esparru horretan emaitzak ematen ari den joko-partzela. Hirugarrena Javi Saldisen lana izan zen; errematatzeko duen gaitasun berezia erakutsi zuen berriro ere: Andoni Carlosenak korner batean zerbitzatu eta Beñatek burututako blokeo batez baliatuz sartu zuen gola.

Bi gol jarraian sartzeak eragina izan zuen bisitarien kuadroan; halako aldearekin markagailuan azpitik ikusteak, urgentziaz ibartarren atearen bila hastea bultzatu zuen. Lauburuk baloiaren inguruan indartzeko aprobetxatu zuen eta horren emaitza, arratsalde guztiko golik ederrena izan zen: bere kanpoan bertan landutako konbinazio bat, non Aitzol, Andoni Carlosena eta Ioritzek parte hartu zuten eta azken hau izan zen Andoni Carlosenari baloia pasa ziona, honek, ate hutsera botata Laubururen laugarren tantoa egiteko, 29. minutuan.

Bederatzi minutu geratzen zirela, Interrek bosteko jokoa jarri zuen pistan, beren erasoak lasaitasunez lantzen saiatzeko, alabaina, Lauburuk bere defentsa-kontzentrazio mailarekin jarraitu zuen, laguntzak handituz, zirkulazioan donostiarrek zuten nagusitasunak eragin txikiena izan zezan. Horretaz gain, aukerarik txikienean, moratuen kuadroak presio-lerroa igotzen zuen, Interrek atezain aldaketa egin zezan ekiditeko. Aukera horietako batean, Garmenek aurkariaren kanpoan pase bat aurreikusi zuen eta Javi Saldiseri zerbitzatu zion baloia, honek, markagailua azken emaitzara eramateko, 5-0.

Hortik amaierara arte, Inter saiatzen jarraitu zuen, baina ibartar defentsak aurrean jarritako edozein eraso baztertzeko gai zela zirudien. Partida bisitarien aldeko aukera garbi batekin amaitu zen, Alfonso izan zen, lesioaz osatuta agertu zena: piparreroen kantxa erdian baloia ostu eta Josebaren aurrera iritsi zen, baloia altxatuz saiatu zen baina pixka bat okertu zen eta ez zen denbora amaitu zen.

Laburbilduz, merezitako garaipen bikaina piparreroen kuadroarentzat. Garaipen honek ez du, inolaz ere, gure mutilek daramaten hobetze prozesua geldiaraziko, izan ere, lantaldeak zein teknikoek duten lanerako gaitasunak, jardunaldiz jardunaldi, Lauburu helduago egiten baitu. Atzoko garaipenaz gozatu ondoren, ibartarrak aurrez aurre dute exijentzia maila handitzeko eta sailkapenean jauzi bat emateko erronka; datorren asteetan aurkari izango dituen taldeak sailkapenean antzeko posizioetan kokatuta daude. San Juan A.D. taldearekin hasiko dira, datorren astean, Lauburu talde bisitaria izango delarik. Nafarrak, iaz hirugarren sailkatuak izan ziren, eta bere taldean kalitate handiko jokalariak dituztenez, irteera zaila izango dela aurreikusi behar da. Taldeak bihar jarraituko du entrenamenduetan, berriro Alfredo Hualdek gidatuko dituelarik, ilusiorik handienarekin eta saio bakoitzean hobetzen joateko gogoarekin.

GOAZEN LAUBURU IBARRA!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Joseba, Andoni Carlosena (3), Nourdine, Javi Saldise (2) eta Beñat. Andoni Aguirrezabala, Aitzol, Ioritz, Garmen, Andoni Zumeta eta Agusek ere, jolastu zuten.

 

INTERNACIONAL INTXAURRONDO “D4”: Jorge, José Luis, Ángel, Aitor eta Ibai. Juan Carlos, Moha, Gilen, Jon, Alfonso eta Xabik ere, jolastu zuten.

 

 

TXARTEL HORIAK:  Nourdine (LAUBURU K.E. IBARRA); Alfonso (INTERNACIONAL INTXAURRONDO “D4”).

 

GOLAK

1-0 MIN  7  Andoni Carlosena

2-0 MIN 26 Andoni Carlosena

3-0 MIN 27 Javi Saldise 

4-0 MIN 29 Andoni Carlosena

5-0 MIN 34 Javi Saldise

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!