Etxetik kanpora lortutako lehenbiziko puntua gehitu du Lauburuk

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko aza. 6a, 22:19
Emaitza gazi-gozoa, Aragoitik ekarri zutena ibartarrak larunbatean; Alde batetik, harro, Belabietatik kanpora lortutako lehenbiziko puntuak egindako lan bikaina erakusten duelako, baina gazi, bestetik, bi golen errenta alferrik galtzen utzi izanagatik.

Bi taldeak bizi-bizi atera ziren partidaren hasieran, eta hau azpimarratzekoa da, izan ere, istripu bat medio, autobusak ezin izan baitzuen ordurako Ibarrara iritsi eta gure mutilak Zaragozara kotxez joan behar izan zuten, bidaia oraindik gehiago zailduz. Hala ere, kontzentratuta sartu ziren autoan eta bertako taldeak eragindako presioa indargabetzeko gai izan ziren. Honela, aurkariak bere defentsa gure kantxa erdira igotzen zuen bitartean, moratuek, atzetik, beren eraso-jokoa josten asmatzen zuten.

Eraso horietako batean iritsi zen 0-1ekoa; Agusen lana izan zen, Andoni Carlosenak egindako pase diagonal bikain bati buruz errematea eginda. Bosgarren minutua zen eta Lauburuk markagailuan aurreratzea lortu zuen, nahiz eta kantxan berdintasuna nagusi izan. Parekidetasun horren ondorioz, bi ateetan hainbat aukera sortu ziren, bi taldeetako atezainek ongi indargabetuak izan zirenak guztiak. Gola edozein bandoetara iritsi zatekeen baina banako berdinketa otu zen, eta Andoni Carlosenak egin zuen, Aragoiar taldeak ederki gauzatutako kontra batean, bigarren zutoinera zihoan pase bat moztu nahian bere atean sartu zuenean.

Jasandako golak Lauburu hauspotu egin zuela zirudien, eta bere jokoa argitasunez lantzen jarraitu zuen. Berdintasuna zen nagusi baina ibartarrak izan ziren berriro markagailuan aurreratzen lehenak: Andoni Carlosenak egin zuen 1-2koa, aragoiarren area barruan egindako jaurtiketa indartsu baten bidez. Hemendik aurrera eta lehenbiziko zatiaren amaiera arte, arriskua bi ateetan ibili zen baina markagailua ez zen gehiago mogitu. Ezta bertako taldeak 10 metrotik botatzeko aukera izan zuenean ere; Josebak geldiketa bikaina eginez ekidin zuen gola.

Nuestra Señora del Portal taldea indartua atera zen aldageletatik, pistan asko aurreratutako defentsa jarriz berriro eta ibartarren eraso-jokoaren gainean presio handia eraginez. Honek, gure pase batzuek etetea eta aukera garbiak sortzea ekarri zien zaragozarrei, baina Josebak zein piparreroen defentsak ongi erantzun zuten. Alabaina, Lauburu okerrenen zegoenean, Josebak bidalitako pase luze bat, Aitzolek aprobetxatu eta jaurtiketa izugarri batekin 1-3koa egitea lortu zuen.

Kolpe honek ez zituen aragoiarrak kokildu, alderantziz, animoz indartu egin zituela zirudien eta intentsitate handiko ekimenak burutzen jarraitu zuten. Eraso hauetako batean, Garmenek egindako besokoagatik penaltia adierazi zuen epaileak. David-ek aprobetxatu zuen aukera hau eta oraindik 9 minutu falta zirela markagailua 2-3koa ezarri zuen. Denbora hau ibartarren kantxa erdian jokatu zen gehienbat, etxeko taldearen bultzadaren eraginez. Honekin, talde borrokalaria eta saiatua dela erakutsi zuen.

Berdinketa lortu ezinik, Aragoiko taldeak bosteko jokoa atera zuen kantxara eta joko honekin hainbat eraso-jokaldi egiten asmatu zuen. Ibartar kuadroa defentsa-ordenarekin saiatu zen indargabetzen partidako fase hau, hasierako erasoak arrakastaz ahuldu zituelarik. Alta, zorigaiztoak Andoni Carlosena hartu zuen begiko berriro, bi areatan nonahiko zebilela eta defentsa-aurreratze on batean, Josebaren atera baloia aldendu zuenean. Esan behar da, ekintza honek ez duela, inolaz ere, Ezkarozeko jokalari honek jokatutako partida bikaina lausotzen.

Falta ziren 3 minutuetan aragoiarrek garaipenaren golaren bila ibili ziren, bosteko jokoarekin. Ibarrak azken erasoei ongi erantzuten jakin izan zuen eta bertako taldearen egin ahalez gain, aukerarik garbiena Laubururentzat izan zen, 10 metroko jaurtiketa egiteko aukera izan baitzuen; Javi Saldisek jaurti zuen, amaierarako 15 segundo falta zirela, baina baloia langeta ukituz pasa zen. Ezer gehiagorako denborarik ez zen geratzen eta amaierara iritsi ziren; sentsazioa: kantxan ikusitakoaren arabera emaitza justua izan zela baina aldi berean, garaipenak azken minutuetan eskuetatik alde egitea ikusi izanak sortutako atsekabea nagusi.

Hasi aurretik zaildu zen bidai batean, lantaldearen eta gorputz teknikoaren esfortzua azpimarratu nahi dugu. Kontzentrazioari eta egoten jakiteari dagokionez, jendaurrekoa nabaria izan zen eta honek, egindako lanarekin harro itzultzea eragin zuen. Bestela, taldea hobetzen jarraitzeko aldeak analizatu behar dira orain, datorren partidei bermearekin aurre egin ahal izateko. Datorren partida erakargarria izango da, kategoria honetan lehen aldiz egingo den Gipuzkoako derbi batekin kointzidituko baitu; Internacional Intxaurrondo “D4” taldea Belabietara etorriko da eta bien arteko talka ikusgarria eta zoragarria izango da. Ibartar afizioa bertan egotea espero dugu, taldea animatzen, gure lurraldean erreferente izaten jarraitzeko lehian. Azkenik, taldeak atseden hartuko du bihar, astelehena, eta asteartean itzuliko da berriro entrenamendura, larunbateko norgehiagoka munduko ilusiorik handienarekin prestatzera. GOAZEN LAUBURU!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

NUESTRA SEÑORA DEL PORTAL CLUB: Alejandro, Francisco, Pedro Jesús, Francisco Javier eta Fernando. Guillermo, David (1), Jorge, Adrián, Iván, Ángel eta Albertok ere, jolastu zuten.

 

LAUBURU K.E. IBARRA: Joseba, Andoni Carlosena (1;-2), Andoni Zumeta, Javi Saldise eta Beñat. Garmen, Andoni Aguirrezabala, Aitzol (1), Nourdine eta Agusek ere, jolastu zuten (1).  

 

TXARTEL HORIAK:Jorge (NUESTRA SEÑORA DEL PORTAL CLUB) Andoni Carlosena, Andoni Aguirrezabala, Aitzol eta Beñat (LAUBURU K.E. IBARRA).

 

GOLAK

0-1 MIN 4 Agus

1-1 MIN 6 Andoni Carlosena (p.p)

1-2 MIN 10 Andoni Carlosena  

1-3 MIN 22 Aitzol

2-3 MIN 31 David

3-3 MIN 38 Andoni Carlosena (p.p)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!