Lauburu Mahalak lehenengo buelta bikaina itxi du

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko aza. 1a, 11:15
Garaipen berri bat kanpoan Castro Urdiales C.F.S. taldearen aurka 4-6.

Jubenilen Ohorezko Mailak amaitu du lehenbiziko buelta, eta nota altuarekin gainera, nahiz eta kanpoan lau partida jokatu behar izan dituen eta etxean bi besterik ez. Bost garaipen eta porrota bakarra egin dute eta honek, sailkapenean lehenengo postura igo ditu Laskoraingo bizilagunekin puntuetan berdinduta.

Lauburu Mahalaren partida Castron beste lehenengo bueltako partidak bezala hasi zen, era kuriosoan; bigarren minutuan Zurik (partida bikaina jolastu zuen) 0-1ekoa egin zuen. Hau izango zen, guztira lau gol sartuta, bere arratsalde goleatzailearen hasiera; partidako jokalaria izan zen.

Hala ere, Kantabriakoek ez ziren kokildu ezustekoarekin eta berdinketaren bila gogor hasi ziren. Gureak defentsa pista erdian kokatuta, lehenbiziko minutuetan marka igotzera behartuta egon ziren, etxekoek erasoan zuten zirkulazio arina indargabetu nahian; aldi berean, ibartarrentzat aukerak errepikatzen ziren, gibeletik hainbat alditan Castrokoei irabaziz.

Hamabigarren minutuan etxekoen berdinketa iritsi zen, Ivanek alboko sake bat ederki amaitu zuenean. Lauburu Mahalak kontraeraso azkar batean Zurik sartutako gol batekin erantzun zuen, lehenbiziko zatia amaitzeko sei minutu falta zirela eta minutu eta erdi falta zela berriz, hirugarrena sartu zuen, etxekoen kontra batean Arrak baloia ostu, eta trantsizio bizkorrean lehen aldiz amaitutakoan egindako aldaratze bat jaso zuenean. Atsedenaldira markagailuan 1-3 ezarrita joan ziren.

Aldageletatik bueltan etxekoek biziago atera ziren, Peñak zaindutako atearen bila zuzen-zuzenean eta ausardiaz; ika-mika batean sartu ziren eta baloi-oste batekin, piparreroen presioa gaindituz, etxekoek 2-3koa egitea lortu zuten. Honek Peru Zaballaren markagailura emozioa ekarrarazi zuen.

Partida bere fase gogorrenean sartu zen orduan, bi taldeak baloia ongi presionatuz, batak besteari akatsak eraginez, bi ateetan aukerak sortuz etab. Afizionatuarentzat partida ikusgarria. Partida amaitzeko hamaika minutu falta zirela, banda luze baten ondoren, ibartarrak pibotari baloi bat bidali, Zurik jaso eta lehenbiziko golean bezala eta emaitza berberarekin, aurkariari aurre eginez, Villabonakoak bere laugarren gola sartu zuen, taldeari bi tantoen aldea emanez.

Laugarren golak Castro kolpatu zuen eta Lauburutarrak partidaren agintea hartu zuten; baloi bakoitza estu hartzen zuten eta presio horren ondorioz 2-5ekoa iritsi zen, zortzi minutu falta zirela amaierarako. Emaitza horrekin amaituko zela ematen zuen orduan baina Areto Futbolean beste hainbat alditan gertatu den bezala, erlaxatzea debekatua dago, hala eginez gero, oso garesti ordain daitekeelako.

Gureak atezainaren artean izandako gaizki-ulertu baten ondorioz, 3-5 eta 4-5ekoa gertatu ziren bi minutu eta zertxobait gehiagoko denbora eskasean. Eta oraindik bost minutu luze partida bukatzeko. Honekin etxekoek konfiantza berreskuratu zuten eta gurean berriz, zalantza asko sortu zituen, izan ere, ordu arte egindako lanak, lortutako aldeak, hegan egin zuela ikusten baitzuen; berriro hasieratik hastea tokatzen zen. Castrok bosten arteko erasoa egitea erabaki zuen minutu batzuen ostean, Lauburu Mahalak baloiaren presioa handituz joan zen, ordurarte faltarik gabe zegoela aprobetxatuz. Urduritasun handiko une batzuen ondoren, Arrak, gol izan zitezkeen bi erremateko jokaldi batean, bandatik eskuadrara egindako jaurtiketa bortitz batekin 4-6koa egin zuen. Minutua falta zen bukaerarako eta etxekoek atezain jokalariarekin saiatu ziren azken segundo-hamarrenera arte.

Talka ederra, bi kluben arteko hurrengo aurrez aurrekoetan partida bikainak jolastuko diren zantzua du; beste hiru alditan jokatu beharko dute elkarren aurka, kalendarioaren arabera bi itzuli oso jolastu beharko direlako.

GOLAK

0-1 MIN 2 Zuri

1-1 MIN 12 Ivan

1-2 MIN 14 Zuri

1-3 MIN 19 Zuri

2-3 MIN 23 Pedro

2-4 MIN 29 Zuri

2-5 MIN 32 Colas

3-5 MIN 33 Aitor

4-5 MIN 35 Sergio

4-6 MIN 40 Arra

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!