Lauburuk garaipen baliotsua eskuratu du Belabietan 4-3

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko urr. 31a, 00:34
Sufrimendu handiko arratsaldea, eta emozio handikoa, Belabietan bizitu genuena larunbatean. Zorionez, amaiera bikaina izan zuen ibartarrentzat, Sala Quinto F.S. taldeari gailendu zitzaizkielako, nahiz eta aragoiarrek, jokoagatik zein aukerengatik, zerbait gehiago ematea merezi izan zuten.

Etxeko taldea bizi-bizi hasi zen, arintasunez jokatuz eta Alejandroren atera erraz iritsiz. Bisitariek aurkari gogorrak izatearen itxura zuten baina lauburutarren lehenbiziko errotazioen bultzadekin gaindituta geratu ziren. 10 minutuz piparreroek nagusi izan ziren eta honela, markagailuan aurreratzeko aukera izan zuten. Nourdinek egin zuen 1-0ekoa, bosgarren minutuan, berak eta Javi Saldisek gidatutako kontra azkar bat amaitu zutenean, azken honen pase bikain bat aprobetxatuz. Ondoren, Javi Saldise berak handitu zuen tartea markagailuan, 2-0ekoa, korner batean egindako bolea eder batekin. Ibartar afizioak handitasunez ospatu zuen gola izan zen.

Lehenengo zatiaren erdira iritsi ziren honela eta etxekoei gauzak ongi baino hobeto zihoakien. Alabaina, pixkanaka eskenatokia aldatzen hasi zen; talde bisitariak, bizkortzen hasi zen heinean, arriskuak sortzeari ekin zion Josebaren atearen aurrean. Partidaren une hauek, ibartarren defentsako une nahaspilatu batekin bat egin zuten, Sala Quintok ongi aprobetxatzen jakin izan zuen unea, markagailuan tartea txikituz; Pedrok, alboko sake batean, estrategia-jokaldi bat amaitu eta 2-1ekoa egin zuen.

Taldea erasoan zein defentsan blokeatuta zegoen tarte horretan eta okerren pasatzen ari zen momentua zen, baina zorionez, Andoni Carlosena agertu zen gol bikaina egiteko; ezkerreko bandan hasitako bakarkako jokaldi bat, jaurtiketa bortitz batekin amaitu zuen. Honela, 3-1ekoarekin, atsedenaldira iritsi ziren, partidako momenturik okerrenetik salbu atera ziren sentsazioarekin.

Bigarren zatian, Aragoiko taldea saiatu egin zen eta erakutsi zuen oraindik sufritzeko tarte handia eskaini zezakeela. Umiltasun osoz, onartu beharra dago, bisitariek hobeagoak izan zirela bigarren zati guztian. Gure mutilek, hiru puntuak eskuratzeak ematen duen presioagatik edo, hanketan ezohiko pisua zutela zirudien. Orduan, Joseba Balerdi gailendu zen, ekidin ezinak ematen zuten golak ekiditeko. Jarraian burutu behar izan zuen lanagatik mantendu zuten ibartarrek markagailua bere alde; 28. minutura arte, hain zuzen, Héctorrek, piparreroen areatik gertu, falta baten sakea ederki amaitu eta 3-2koa egin zuen arte.

Tartea txikitzeak ez zuen partidaren dinamika aldatu. Bisitariek arriskuak sortzen jarraitzen zuten eta Lauburu bere jokoa garatzeko lanetan zebilen, intentzioa jarriz baina asmatu ezinik. Eta halako batean, taldea (Josebaren lanari esker) bizirauten zebilela, Joseba berak, pase luze bat Javi Saldiseri bidali, honek Andoni Zumetari pasa eta azkenak, 4-2koa egin zuen. Hiru minutu falta ziren eta garaipena jada, etxean geratuko zela ematen zuen.

Hala eta guztiz ere, oraindik ikusi ziren Aragoiko taldearen zenbait eraso, talde lehiakorra eta saiatua dela erakutsiz. Azken minutuak piparreroen kantxan eman ziren, Sala Quintok bosgarren jokalaria pistan sartu baitzuen. Lanketan asmatuz, hainbat aukera sortu zituzten baina Joseba zein Lauburuko defentsari esker, ongi bukatzea lortu zuten. Eraso horietako batean, hala ere, Luisek 4-3koa egitea lortu zuen ongi landutako zirkulazio baten ostean bigarren zutoinera boteaz. Ondorengo minutu eta erdian beste hainbat hurbiltze saioak izan ziren, eta 8 segundo besterik falta ez zirela, atearen inguruan egindako falta bat ere bai. Guzti honek emozioa azken segundora arte mantentzea eragin zuen eta amaieran poza izugarria sentitzea. Estu-estu irabazitako borroka bat bailitzan.

Sailkapenean postu hobeak lortu nahi badira, taldeak erakutsi zituen eta lantzen joan behar diren gabezien ondotik, laburbilduz, partidak hainbat irakurketa baikor adierazten ditu: sailkapena aurreko urgentziak ekidin asmoz izandako garaipen baltsamikoaz gain, ibartar lantalde gazteak adierazten duen konpromisoa eta ardura. Honek, nahiz eta batzuetan burua lausotzen eta giharrak gogortzen dituen, kausarekin konpromiso zuzena duten mutilekin batera egitasmo bat eraikitzen ari den bermerik onena da, non hoberena iristear da oraindik. Horregatik, Mikel Diestro eskertu behar da, lantaldearekin batera, bide honetan ipinitako esfortzua eta irmotasunagatik. Norabide honen segidako geltokia Zaragoza izango da, Nuestra Señora del Portal Club taldearen aurka jokatzeko Lauburuk hara bidaiatu beharko baitu. Gure taldearen antzeko postuan dago Zaragozako taldea, beraz, jokoan dauden puntuak baliotsuagoak izango dira.

Azkenik, taldeak astelehenean atseden hartuko du eta azaroak 1, asteartean, itzuliko da entrenamendura, pilak kargatuta eta hurrengo aurrez aurrekoa prestatzeko ilusioaz gainezka. GOAZEN LAUBURU IBARRA!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Joseba, Andoni Zumeta (1), Garmen, Javi Saldise (1) eta Agus. Andoni Carlosena (1), Aitzol, Xabi, Nourdine (1) eta Beñatek ere, jokatu zuten.

 

SALA QUINTO F.S.: Alejandro, Aitor, Pedro (1), Luis (1) eta Héctor (1). Ignacio, Sergio, Carlos eta Jorgek ere, jokatu zuten.

  

TXARTEL HORIAKXabi (LAUBURU K.E. IBARRA); Pedro (SALA QUINTO F.S.).

 

GOLAK

1-0 MIN 5 Nourdine

2-0 MIN 7 Javi Saldise

2-1 MIN 17 Pedro 

3-1 MIN 20 Andoni Carlosena

3-2 MIN 28 Héctor

4-2 MIN 37 Andoni Zumeta

4-3 MIN 38 Luis

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!