Laubururen akatsak zigortu zituen aurkariak, garaipena lortuz

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko urr. 10a, 10:40
Porrota gogorra, ibartarrek jasandakoa; aurkariak, oso lehiakor eta esperientzia handikoak, piparrero gazteen akatsak aprobetxatzen jakin izan zuten. Etxekoek, partida serioa jokatu bazuten ere, markagailuan azpitik egotea ezin izan zuten gainditu, nahiz eta lehenbiziko zatia oso parekatua izan zen.

Partidaren hasieran defentsa-lanak nagusitu ziren erasoen gainetik eta ondorioz, gol-aukera gutxi ikusi zen. Bi taldeak fisikoki higadura handia sortzeko jokoa erabili zuten, 40 minutuetan zehar erresistentzia eta konzentrazioa mantentzea garrantzitsua bilakatuko zelarik. Higaduraren ondorioz, eta etxekoen akats bat medio, Andonik bere atean sartu zuen eta bisitariaren lehenbiziko tantoa iritsi zen.

Aurkariaren golak bizitu egin zituen etxeko mutilak, eta erasoen mailan beren minuturik onenak jolastu zituzten, zoritxarrez, gauzatu ez ziren hainbat arrisku egoera sortuz. Honela, atsedenaldia iritsi zen, bikain lehiatzen aritzearen sentsazioarekin, baina markagailuan azpitik egotearen eragozpenarekin.

Galtzen joatearen karga geroz eta pisuagoa egin zen bigarren zatiaren hasieran, izan ere, Segorbek bien arteko tartea handitzea lortu baitzuen, beste behin ere. Bigarrena, Pedrok, konbinazio on bat amaitu eta Endikaren atera jaurti ondoren iritsi zen. Lauburuk kolpe honekin erreakzionatu eta Garmen, Nourdine eta Zumetaren artean egindako triangulazio eder bat medio, Zumetak tantoa egitea lortu zuen. Halabaina, bisitariek ere, azkar osatu ziren eta urduri jarri gabe, triangulazio azkarren bidez, momentuko jabetza lortu zuten. Jabetza horren ondorioz iritsi zen castelloarren hirugarren tantoa, Nicolasek, jokaldi bikain baten bidez egindakoa.

Etxeko kuadroak lanean jarraitzen zuen, baina piparreroen defentsan izandako beste komunikazio-akats baten ondorioz, Segorbek 1-4koa finkatu zuen markagailuan. 10 minutu falta zirela Mikelek 5x4koa atera zuen pistara. Honek, joko guztia bisitarien kantxa erdian kokatzea eragin zuen. Ongi landutako hainbat ekintza burutu ziren eta Garmenek sartutako gola izan zen ekintza horien saria; 2-4koa ezarri zuen markagailuan. Hala ere, Segorbek ideiak garbi dituela erakutsi zuen: defentsa ajustatu zuen eta baloi oste batekin azken 2-5eko emaitza finkatu zuen.

Norgehiagokaren alde ona, Asier Aierbe gaztearen debuta izan zen, hainbat errotazioetan parte hartu eta asmatu zuen lehenbiziko urteko jubenila; honek, epe motzean, piparreroen lehenbiziko lantaldeko aktibo bat izango dela baieztatzen digu. Partidari dagokionez berriz, gure mutilek ongi borrokatutako partida izan zela esan behar, non, aurkaria, kategorian erabat finkatutako taldea izaki, etxekoek egindako akats guztiak zigortu zituen.

Beraz, aste honetan leundu beharko dira gauza batzuk taldean, datorren asteburuan Belabietan jokatu beharko den partidari aurre egiteko. Guadalajarako C.D. Escuelas taldea izango dugu bisitari; talde honek, jardunaldi honetan, Zierbenarekin, atzo arte kategorian liderra zenarekin, berdinketa lortu duen taldea da. Gure talde gaztea, berriz, eraikitze prozesuan egonik, aurkaria edozein izanda ere, nahikoa lan egin eta bisitariei gailentzeko haina zume baduela erakutsi du. Datorren aste honi ilusioz eta lanarekin aurre egingo dioten zalantzarik ez dago, larunbatean afizioari ilusio eta poza emateko asmoarekin. Liga hasiera gogor honetan afizioa gonbidatzen dugu taldea, ahal duen guztietan animatzea eta babestea. Mutilak eskertuko dute, ziur. GOAZEN LAUBURU!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK:

LAUBURU K.E. IBARRA: Endika, Xabi, Beñat, Aitzol y Garmen (1). Andoni Carlosena, Zumeta (1), Nourdine, Asier Aierbe eta Andoni Aguirrezabalak ere, jolastu zuten (-1)

SEGORBE C.D. F.S.: Pablo, Diego, Salva, Jose y Pedro (2). Dani, Nicolas (1), Jose Calvo, Javier, Jacobo (1) eta Jorgek ere, jolastu zuten.

TXARTEL HORIAK: Garmen (LAUBURU K.E. IBARRA); Jacobo eta Jose (SEGORBE C.D. F.S.).

GOLAK

0-1 MIN 13 Andoni Aguirrezabala bere atean

0-2 MIN 23 Pedro

1-2 MIN 24 Zumeta  

1-3 MIN 26 Nicolas

1-4 MIN 29 Jacobo

2-4 MIN 33 Garmen

2-5 MIN 35 Pedro

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!