Mahalak garaipenarekin debutatu du Logroñon

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko ira. 27a, 11:18

Piparreroek 1-7ko emaitzarekin gailendu ziren ligako debutean.

Jubenilen Ohorezko Mailak amestutako hasiera izan zuen C.D. Valle del Ebro taldearen aurrean, Errioxan bertan. Taldeari Logroñoko Gonzalo de Berceo kiroldegian jokatzea egokitu zitzaion denboraldiaren hasiera honetan, aurkariaren ezaugarri askorik ezagutzeko aukerarik gabe, baina hasiera ona emateko haina ilusio sartuta motxiletan.

Lehendabiziko unetik partida irabaztera atera ziren moratuek, defentsa altu eta presioa eginez hasi zuten norgehiagoka, aurkariaren atearen bila. Lehendabiziko minutu eta erdian Zurik, kokapen eraso batean, eta ongi landutako jokaldi baten bidez, markagailua igo arazi zuen. Partidan lanean jarraitzeko beharrezko poza eta konfiantza barreiatu ziren, aldi berean, ibartarren aulkian.

Aurkaria pista erdian atea babesten jarraitzen zuen bitartean, gureak eraso bakoitza pazientzia handiarekin lantzen zuten eta amaiera emateko aukera onez baliatzen saiatzen ziren, honela, aurkariaren kontrak ekiditeko asmoz.

Laugarren minutuan, Aitorren bidez, bigarren gola iritsi zen eta 13. minutura arte markagailua ez zen gehiago mugitu. Arrak 0-3koa egin zuenean, partida norabide onean zihoan baina oraindik asko geratzen zen eta garrantzitsuena aurkariaren jokoan ez sartzea eta partidan erritmo biziarekin jarraitzea.

Atsedenaldirako minutua falta zela, Malkorrak 0-4koa egin zuen eta piparreroek emaitza eroso batekin bukatu zuten lehendabiziko zatia. Misterrak, hala ere, gogorarazi zien, kirol honetan, hogei minututan edo gutxiagotan, edozer gauza gertatu daitekeela, eta aldageletatik bueltan taldearen defentsa planteamendua aldatu zen: aurkariari jabetza gehiago eskaini jokoaren bestelako faseak lantzeko, bai defentsan eta baita erasoan ere.

Errioxarrak planteamendu berri honekin erosoago sentitu ziren eta beraiek ere, aldageletan beren defentsa egokitu ondoren, Odei-k babesten zuen atera iristen hasi ziren kanpoko jaurtiketa eta trantsizio azkar batzuen bidez.

33. minutua eta falta eskoratua ibartarren alde, Zurik aprobetxatu eta bere bigarren gola sartu zuen, elektronikoan 0-5ekoa ezarriz. Hemendik aurrera, emaitzari buelta emateko edozein aukera, asko zaildu zitzaion aurkariari.

Minutu bat beranduago, bisitarien defentsan okerreko doitze baten ondorioz, errioxarrak, Victorren bidez, ohorezko gola izango zena sartu zuten. Erreakzioa kornerretik iritsi zen, zorte pixka baten bidez eta Liherren laguntzarekin, Zurik, buruz, 1-6koa egin zuen; Villabonako gaztearen hack-trick izan zen.

Azkenik, Liherrek, bi minutuen faltan 1-7koa egin zuen eta partida honela itxi zen. Poza aldageletan, aste honetan zehar ongi kudeatu beharrekoa, hau hasi besterik ez baita egin. Talde-irudi bikaina, baina zuzendu beharreko hainbat xehetasunekin, datorren partidan, Belabietan, Gora Bilbao taldearen kontrako partidan maila mantendu nahi bada, behintzat. Gora Bilbao jokatutako bi partidetatik biak irabazita etorriko da; Lauburu-Mahalak duena baina iraunkortasun eta errodaje handiagoa duen taldea da bizkaitarra.

 

PARTIDAREN XEHETASUNAK

C.D. VALLE DEL EBRO: Jose Luis, Ander, Alberto, Nelson, Angel. Miguel Angel, Victor (1), Sergio, Ernesto eta Luisek ere, jokatu zuten.

 

LAUBURU MAHALA: Odei, Zuri (3), Aitor, Huici, Arra (1).  Liher (1), Aierbe, Alex, Malkorra (1) Josu eta Gurruk ere, jokatu zuten.

 

GOLAK

0-1 MIN 2 Zuri

0-2 MIN 4 Aitor

0-3 MIN 13 Arra  

0-4 MIN 20 Malkorra

0-5 MIN 33 Zuri

1-5 MIN 34 Victor

1-6 MIN 35 Zuri

1-7 MIN 38 Liher

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!