Pinsequen jokatutako partida bikainaren ostean Lauburuk afizioaren aurrean debutatu behar zuen eta hiru puntuak eskuratzeko beharra zuen gainera, sailkapenean beheraka egin nahi ez bazuen, behintzat. Honek, partidaren lehendabiziko minutuetan ezin asmatuz ibiltzea eragin zien. Bisitarien eskuadra defentsa sutsua egiten ibili zen baina, aldi berean, atearen inguruan ere bai; moratuei arriskuak sortzea dezente kosta zitzaien, gogo gehiegi jartzen zutelako agian.
Gauzak horrela, jokoa, orokorrean, nafarren kantxaren erdian zebilela, halako batean, Tafatransek, ongi exekutatutako estrategia jokaldi batekin eta zorte pixka batekin markagailua mogitzea lortu zuen 10. minutuan. Urduritasunari aurre eginez, eta Alfredo Hualdek eskatutako hutsarte baten ostean taldeak asko hobetu zuen; gol-aukerak ere, sortzen hasi zen baina hala ere, lauko jokoaren lanketan pazientzia gutxi erakusten jarraitzen zuen. 0-1ekoarekin, eta kezka handiarekin, iritsi ziren atsedenaldira.
Atsedenaldiaren ondoren eskenatokia erabat aldatu zen. Espero zen moduan, ate aurreko lehendabiziko asmatzeak askatasuna sentsazioa ekarri zien moratuei. Beñat izan zen, ekintza bikaina amaituz taldea berdinketara eraman zuena, bigarren zatiaren lehendabiziko 3 minutuetan. Seigarren minutuan Ioritzek bi gol jarraian egin zituen eta afizioak Belabietako zerua argitzen pozarren ikusi zuen. 3-1 markagailuan.
Orduan iritsi zen norgehiagokan izandako bi gol onenetatik lehendabizikoa: Andoni Carlosenak 4-1ekoa egin zuen autopase zoragarri baten ostean; bi aurkarien gainetik baloia altxa eta atezainari jaurtiketa bortitz bat eginez. 5-1ekoaren egilea Andoni Zumeta izan zen, eta hau ere, estreinakoz izan zen golegile. 6-1ekoa lantalde moratuko beste hasi berri bati suertatu zitzaion: Nourdinek, bere burua lurrera boteaz, estrategia jokaldi eder bat amaitu eta markatu zuen.
Gol prozesio honen aurrean, bertako kuadroa alaitasun handiagoarekin jolasten hasi zen, errenta handiagoaren bila, bisitarien ateetan setioa mantentzen zuelarik. Alaitasun dosi honek Tafatransek 6-2koa egitea bideratu zuen, bertako kuadroaren kokapen-hutsegite bat aprobetxatuz.
Hala ere, oraindik arratsaldeak, denboraldiko golik onena ikusteko aukera eman zigun: Beñat, hainbat aurkariz abileziaz askatu ostean, gurutzatutako jaurtiketa bortitz batekin baloia eskuadran ipini eta sekulako gola sartu zuen. Elektronikoan 7-2 eta 8 minutu jokorako, oraindik. Bisitariek ez zuten bosteko jokaldia egin eta ondorioz, jokoa beraien kantxan igaro zen orokorrean. Amaierara arte izan ziren aukera ugari, bi atetan, baina ezin izan ziren amaitu eta markagailuak 7-2 jarraitu zuen.
Gaur goizean goiz, jakin dugu, Mikel, gure misterraren abentura selekzio absolutuarekin, nahi baino lehen amaitu dela. Hori dela eta, aste honen hasieran entrenamenduetara itzuliko da. Klubak, honela, Alfredo Hualderi, hiru aste hauetan egindako lan bikaina, publikoki eskertu nahi dio. Gure mutilak egunez egun hobetzen joan dira eta hori, egindako lanaren emaitza besterik ez da. Taldea astelehenean moralki indartsu itzuliko da entrenamendura eta datorren asteko irteera zailari (Zierbena bortitzaren kantxan jokatzen du) aurre egiteko gogoarekin.
GOAZEN MUTILAK!!!!
PARTIDAREN XEHETASUNAK
LAUBURU K.E. IBARRA: Joseba, Ioritz (2), Andoni Carlosena (1), Andoni Aguirrezabala, Beñat (2). Aitzol, Xabi, Nourdine (1), Andoni Zumeta (1) eta Agusek ere, jokatu zuten.
TAFATRANS VULCANIZADOS RUIZ: Alejandro, Ignacio, Aitor, Pablo, Sergio. Unai (2), Luis Miguel, Adrian, Xabier y Julenek ere, jokatu zuten.
TXARTEL HORIAK:Andoni Zumeta (LAUBURU K.E. IBARRA).
GOLAK
0-1 MIN 10 Unai
1-1 MIN 23 Beñat
2-1 MIN 25 Ioritz
3-1 MIN 26 Ioritz
4-1 MIN 28 Andoni Carlosena
5-1 MIN 30 Andoni Zumeta
6-1 MIN 31 Nourdine
6-2 MIN 32 Unai
7-2 MIN 33 Beñat