Lauburuk Trafatrans taldea jasoko du

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko ira. 22a, 14:41
Bigarren B Nazionaleko txapelketako bigarren jardunaldian, Lauburuk Belabietan debutatuko du Tafatrans F.S. talde nafarraren kontra. Bi taldeak, porrota bana jasan ostean jokatuko dute aurrez aurre. Piparreroak 4-2ko emaitzarekin itzuli ziren Pinseque F.S. taldearen aurka eginda eta nafarrak, berriz, Zierbenaren etxean 0-4 galdu zuten.

Lehendabiziko porrotaren ordainetan, Alfredo Hualde entrenatzailea, ukitutako hainbat jokalari berreskuratzen saiatuko da, erronka berri honi bermearekin aurre egin ahal izateko.

Lantaldea konfiguratzen jarraitzen dugu, denboraldi hasiera honetan. Aste honetan Cristian Davilak baja eman du, lan arloan hainbat aldaketa izan eta hartutako konpromisoa betetzeko aukerarik gabe geratu denean jakinarazi dio klubari.

Baina albiste guztiak ez dira txarrak izan. Aurreko astean, denboraldi honetako fitxaketarik nabarmenena den Andoni Carlosenak ezin izan zuen Pinsequen parte hartu, pasa den denboraldian Errumanian ibili ondoren, atzeratu egin baitzen fitxaketa. Baina asteartean klubak albiste ona jakin zuen, hau da, dokumentua federazioan zegoela eta lizentzia bideratzeko arazorik ez zegoela. Beraz, larunbat honetan, Belabietan izango den berrikuntzetako bat izango da gazte nafarra eta itxaropen handia dago gaztearengan. Bertako gisa, Andoni Zumeta, Nordine, Aldalur eta Zuhaitzek ere debutatuko dute. Azken hau berriro etorri da bere etxea izan zenekora.

Tafatrans F.S. taldea, Ramón Navarrok gidatzen du, Lauburu zuzendu zuen bere urrezko garaian, hau da, Zilarrezko Mailan zegoenean; lantalde gazteaz osatua dago eta txapelketari neurria hartzen doazen eran, afizioari poz handiak emango dizkietela ziurtatu daiteke. Talde gaztea, bai, baina kalitate handikoa eta partida bakoitzean hiru puntuak etxeratu ahal izateko jartzen dituzten gogo eta grinagatik oso arriskutsuak ere bai.

Taularen goiko eremuan kokatu eta hurrengo partidak aparteko presiorik gabe jokatu ahal izateko, lehian dauden hiru puntuak oso garrantzitsuak dira bi taldeentzat.

Bazkide berriak egiteko kanpaina ere, martxan da oraindik. Gure web orriaren bidez, kiroldegiko atean edota klubeko bulegoetan edozein kiderekin harremanetan jarrita egin daiteke. Bazkidea partida guztietara doan sartu ahal izango da, Aldaz hortz-klinikan %10eko deskontua izango du eta etxean jokatutako partida guztietan, bazkideen artean, bi lagunentzako afari baten zozketa burutuko da atsedenaldian.

Areto Futbolaren eskualdeko afizionatu guztiak animatu nahi ditugu, Belabietan jokatuko den lehendabiziko partida hau ikustera etor daitezen. Talde moreak, jarraitzaileei poz handiak eta Areto Futboleko arratsalde ederrak eskainiko dizkiela ziur egonik, partidaz gozatzera etortzea gonbidatzen ditugu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!