Hasi da denboraldia Jubenilen Ohorezko Mailan

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko ira. 16a, 12:04

Klub honen oinarriaren adierazle gorena den taldearentzat, larunbatean hasiko da denboraldi berria, nahiz eta piparrero gazteek hurrengo asteburura arte ez duten jokatuko; multzoa bakoitia izaki, atseden egitea egokitu baitzaie egutegian. Irailaren 24ko estreinaldirako prestatzen joan ahal izateko eta Fuenmayorreko C.D. Valle del Ebro taldeari aurre egiteko, larunbatean, 9:30ean, beste lagunarteko bat jokatuko dute senior filialaren aurka.

Lantaldea asko berritu da 10 jokalari berriekin; hauetatik zortzi, kadete mailatik igo dira, hau da, lehendabiziko urtekoak dira maila honetan: Eñaut Zumeta (atezaina), eta Asier Aierbe, Liher Gartziarena eta Alex Firiscec jokalariak. Aurreko kanpainan denboraldi bikaina egin zuten bere mailan.

Jokalari etorri berriak berriz, Odei Gartziarena (Laskorainetik datorren atezaina) eta Ander Zuriarrain dira, biak azken urtekoak. Eta hauekin batera, Aitor Sanchez, Pedro Malkorra, Asier Colas eta Oier Huici, lehendabiziko urtekoak.

Lantaldea, Josu Conde eta Xabier Arranz jokalariekin osatzen da; aurreko denboralditik datozte eta azken urtea izango dute kategoria honetan. Iñaki Peña (filialakin jokatuko duen atezaina), Andoni Agirrezabala eta Agustin Garmendiak ixten dute Federazioak onartzen duen lizentzia kopurua. Hala ere, bai Andoni eta baita Agustin ere, lehenengo taldean erabat txertatuta daudenez, zaila izango da denboraldi osoan deituak izatea.

Entrenamenduetan lehendabiziko asteak pasa ostean, Juanan, kategorian debutatu duen entrenatzaileak honela zioen: “gaur egungo araudiak, lantaldea ixteko momentuan, 15 lizentziako kopuruarekin baldintzatzen gaitu jubenil kategoria honetan. Klubaren ezaugarriak medio, Andoni edo Agus bezalako jokalariak ditugu, berez, eta ondorio guztietarako lehendabiziko taldean egonik, jubenil kategoriako lizentzia dutenak. Edozein modutara, gure filosofia ez da horregatik aldatuko eta denboraldi guztian zehar ikusiko dugu, nola azken urteko hainbat kadete igoko diren gurekin entrenatzera eta konpetizioan parte hartuko duten”.

Taldeak astean hirutan entrenatuko du, Bigarren B Nazionalaren moduan eta hiru aste ondoren tolosar misterra pozik agertzen zen mutikoen lanarekin. “Taldeari forma ematen denbora pixka bat kostako zaigu, lehenengo urtekoen eta jokalari berrien kopuru handiagatik, baina horrek ez gaitu larritzen, izan ere, nahiz eta jubenil kategoria izan, gure helburu nagusia, ahalik eta esperientzia handienarekin gora egingo duten jokalariak formatzea baita; ondoren ikusiko dugu konpetizioak non kokatzen gaituen”.

Konpetizioan zazpi talde egongo dira eta ezaugarria, bi joan-etorri oso jokatu beharko dituztela izango da, hau da, talde bakoitza lau aldiz egongo da aurrez-aurre denboraldian. 28 jardunaldi, non talde bakoitzak 24 partida jokatu beharko dituen eta lau asteburu atseden izango dituen; jokoan, jubenil mailako espainiar txapelketaren aurretiazko fasean toki bat; txapelketa hau kategoria hauetan, Estatu mailan, jokatu daitekeen gorena izanik.

Hauexek dira parte hartzen duten klubak:

C.F.S. Castro Urdiales (Kantabria)

CDE Marrock "A" (Polanco-Kantabria)

C.D. Valle del Ebro (Fuenmayor-Errioxa)

Gora Bilbo (Bizkaia)

Zierbena C.D.F. (Bizkaia)

Laskorain K.E. (Gipuzkoa)

Lauburu Mahala (Gipuzkoa)

Azkenik, kadeteen taldeak lagunarteko bat jokatuko du larunbatean 11:00etan, Ordiziako Emakumezkoen Bigarren Maila Nazionalaren kontra. Aukera ezin hobea, emakumezkoen kategorian Gipuzkoako adierazle nagusienetako bat jokatzen ikusteko; Bi denboraldi atzerago, Lehenengo Mailan egondako taldea da. Larunbatean, beraz, Belabietan bi partida izango dira, lehenengo taldearen debutari begira prestatzen joateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!