Kategoriako oilarretako bat da Pinseque, Areto Futboleko bigarren B nazionalaren bigarren multzo honetan, aldi oro, txapeldun-gai izaten dena. Sailkapen taularen posturik altuenean egoteagatik bereizten den kluba da. Orotara, hamabi talde dauzka klubak hainbat kategoria nazional zein erregionalean banaturik eta urtez-urte bere kirol-egitura zein soziala hobetzen joateko apustu irmoa egina du.
Pasa den larunbatean, piparreroek beren azken lagunartekoa jokatu zuten Iruñeko C.D. San Juanen aurka. Partida hau, bi aste atzerago Iruñean jokatutakoaren bueltakoa izan zen eta oraingoan garaipena morez jantzi zen, 5-3ko emaitza lortuz. Emaitza honek animoak eta morala igoko die jokalariei, denboraldiko lehendabiziko partida honi aurre egiteko. Garaipena laboratua eta gogorra lortu zuten ibartarrak, aurredenboraldian landu eta barneratzen errazak izan ez diren zenbait alderdi taktiko neurtzeko balio izan diena. Golegileak, Beñat, Aierbe, Andoni, Carlosena eta Agus izan ziren.
Ibarrako taldea, kalitate handiko jokalari gazteez osatua dago. Larunbatean Aragoiera abiatuko da, hiru puntuak etxeratzeko helburuarekin, honela, kantxa zailenetako batean irabazita, denboraldia baikor hasteko. Kantxa zaila alde guztietatik, bere kirol-mailagatik zein bertan duten afizioagatik ere, jokalariei asko laguntzen diena eta partida oro, Pinseque-ko kiroldegia betetzen duen afizioa delako.
Alfredo Hualdek Mikel Diestro ordezkatuko du, hilabetez, gutxi gorabehera. Mikel, Kolonbian ospatzen ari den Munduko Txapelketan baitago, espainiar selekzioaren staff teknikoan. Klubak konfiantza osoa du Alfredorengan, Xota B taldearen entrenatzaile ohia da eta Mikelekin batera lanean aritutakoa talde nafarran.
Azkenik aitatu, partida Pinseque-ko kiroldegian 19:00etan hasiko denez, Ibarratik irteera 14:15ean izango dela. Belabieta kiroldegitik aterako da espedizioa.