Txapelketa ostiral goizean hasi zen, eta Ibarrak Burela Pescados Ruben, galiziar txapeldunen aurka jokatu zuen lehendabiziko partida, hain zuzen ere, Mostoles hirian jokatuko den Final Four-a lortzeko faboritoetako bat zena, hasiera batean.
Neurketaren lehendabiziko zatia oso parekatua egon zen; ibartarren intentsitateak eta defentsan egindako lanak gol-aukera asko ekidin zituen, baina zoritxarreko jokaldi batean Barelak markagailuan aurreratzea lortu zuen, ibartarrak, baloia urruntzeko asmoekin, euren atean gola sartu zutenean. 1-0ekoarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatia piparreroen kontra hasi zen, izan ere, lehendabiziko saiakeran, galiziarren pibot-ak ongi amaitutako bakarkako jokaldi batekin bigarren gola sartu zuen eta bosgarren minutuan, zorigaiztoz hau ere, galiziarrek 0-3koa ezarri zuten, korner batean, baloiak ibartar jokalari bat jo eta berriro euren atean sartu zuenean.
Ibartarrak, emaitzarekin kokildu ordez, intentsitate handiagorekin hasi ziren jokatzen, joko ikusgarria eginez eta galiziarrak estu hartuz. Hala, Gurruk 1-3koa ezarri zuen, area iskinetik maisutasun handiarekin jaurtitako falta batean. Aldea murrizteko beste hainbat aukera izan bazen ere, partidaren amaierara azken emaitza honekin iritsi ziren. Ondorioz, Lauburukoei, ostiral arratsaldean bertan, Alhambra de Guijuelo, Gaztela-Lehoiko txapeldunen aurka kanporaketa jokatzea egokitu zitzaien.
Salamancako taldearen aurkako partidak ezin izan zuen okerrago hasi. Lehendabiziko jokaldian, ibartarren arean egindako huts baten ondorioz, Alhambrak aurrea hartu zion Laubururi, eta minutu gutxi batzuk pasata, bigarren gola sartu zuten Gaztelakoek, atezainak baloia urruntzerakoan aurkari bat jo eta gola sartu zuenean. Hala eta guztiz ere, Mikel Raposoren mutilek aurre egin zioten egoerari eta lehendabizi Alexek eta ondoren Asierrek sartutako golekin, 2-2koa egin eta emaitza parekatzea lortu zuten.
Bigarren zatian ibartarrak ez ziren hain ongi ibili. Bigarren minuturako Alhambrak beste hiru gol sartuak zituen jada, eta zazpigarren minutuan seigarrena sartu zuen. Emaitza gogorra izanik ere, ibartarrak ez zuten etsi eta gogor saiatu ziren. Partida amaitzeko zazpi minutu falta zirela, Alvarok 6-3koa egin zuen baina handik gutxira Guijuelok zazpigarrena sartu zuen, ibartarrei aukera guztiak zapuztuz.
Piparreroak txapelketari agur esan behar izan diote lehendabiziko egunetik baina hala eta guztiz ere, talde honek, aurten egin duen denboraldi izugarriari ez dio, inolaz ere, itzalik egiten. Gazte hauek jarri duten ilusioak eta egin duten lan guzti horrek, Estatuko talde onenetako batzuen aurka jokatzeko aukerak ireki dizkie.