Euskal Kopako finalean, eta Zierbena bezalako aurkari baten aurrean, ibarrako kadeteek jokatutako partida izugarria izan zen. Ibartarrak, kokildu ordez, konpromisoak eskatzen zuen kontzentrazio eta intentsitate mailarekin ekin zioten neurketa zailari.
Bietako inork ez zuen finala galduz hasi nahi eta lehendabiziko zatia, bi taldeek defentsan egindako lan bikainaren ondorioz, golik gabe amaitu zen. Piparreroak izan ziren gol-aukera garbienak sortu zituztenak lehendabiziko zatian, baina bizkaitar atezainaren lanagatik, batzuetan, eta bestetan, azken metroetan ez zutelako asmatzen, aukerak guztiak zapuzten zitzaizkien.
Bigarren zatia txarto hasi zen Lauburukoentzat. Bigarren minutuan Zierbenak 1-0ekoa ezarri zuen markagailuan, Lauburuko atezainak urrutiko jaurtiketa bat ezin izan zuenean gelditu. Ibartarrek, hondoa jo beharrean, azkar erreakzionatu eta seigarren minutuan berdinketa egitea lortu zuten, Liherrek sartutako golarekin.
Lauburu, bere jokoan konfiantza izugarriarekin, markagailuan abantaila emango zion golaren bila joan zen. Gol-aukera batzuk sortu zituzten eta aldi berean, aurkaria faltak pilatuz joan zen. Honela, bi minutu falta zirela, penalti bikoitza jaurtitzeko aukera izan zuten Lauburukoek. Gurruk jaurti zuen baina atezainak lan bikaina egin zuen.
Finalerako segundo gutxi falta zirela, piparreroek azken aukera izan zuten, baina konbinazio bikaina egin bazuten ere, ez zuten amaitzen jakin izan. Neurketa banako emaitzarekin amaitu zen, beraz, finala erabakiko zuen penaltien txandara pasa behar izan zuten.
Penaltietan, Zierbena izan zen jaurtitzen lehenengoa, eta bere buruan konfiantza osoa ezarrita zuen Javi batek gelditu egin zuen. Laubururen txanda zen eta une garrantzitsu horretan, Asier Ayerbek ez zuen huts egin. Bigarren jaurtiketan Zierbenak kanpora bota zuen, baina epaileak errepikatzea agindu zuen eta oraingoan ere, Javik gelditzea lortu zuen. Gurru izan zen jaurtitzen jarraian, golak titulua lortzea esan nahi zuen, baina langeta jo zuen txanda luzatuz. Zierbernak segidako jaurtiketa kanpora bota zuen eta titulua ibartarrek eraman zuten.
Piparrero gazteak zoriondu nahi ditugu, erakutsi duten ilusio, esfortzu eta lanagatik ez ezik, TALDE izateagatik; lortutako sarien gainetik inguruan gabiltzan guztiok harro sentiarazi gaituztelako.
www.lauburuke.com