Lauburuko kadeteek Aretxabaletako final handia irabazi dute

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko maiatzaren 17a

Lauburu K.E. Ibarrako kadeteen taldea Gipuzkoako ligaren irabazlea bilakatu da, Aretxabaletan jokatutako final handian Anoeta Herri Ikastolari 0-2 irabazi ondoren. Garaipen bikaina ibartar kadeteentzat. Liga arruntean menderatuz ibili den eta bi alditan bakarrik galdu duen aurkari zaila izan dute aurrean.

Partida piparreroentzat ezin hobeto hasi zen, iritsi eta Asierrek gol sartu baitzuen. Lehendabiziko zatia intentsitate handikoa izan zen, bi aldeek gol-aukerak sortuz eta atezainen esku-hartze handiekin.

Partida aurrera joan ahala, bi taldeen artean ika-mika areagotzen joan zen, Anoetarren joko zuzenari eta bertikalari mesede eginez eta ibartarren entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen. Hutsartearen ondoren, aukerak gutxitu ziren eta atsedenaldira 0-1ekoarekin iritsi ziren.

Bigarren zatian antzeko eran jarraitu zuten, intentsitate handia eta bi ateetan gol-aukerak, anoetarrak berdinketaren bila eta ibartarrak bigarrena lortu nahian, bien arteko aldea handitzeko.

Tentsioa egonda ere, ibartarrak konbinazio onak egiten zituzten baina ez zuten partida kitatuta uztea lortzen. Markagailuaren ezbaiarekin partidaren azken minutura iritsi ziren.

Hogei segundo besterik falta ez zirela, Anoetak arearen iskinean falta egin zuen eta Alexek, jaurtiketa zuzen batekin, 0-2koa egin zuen. Finala erabakita geratu zen eta Lauburu K.E. Ibarra ligako txapeldun bilakatu zen.

Sari bikaina ibartarrentzat, finalean egindako lanari baina gehienbat kadeteen jokoaren eboluzioari eta hobekuntza iraunkorrari begira, denboraldi guztian egindako ahaleginaren emaitza.

www.lauburuke.com

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!