Lauburuk garaipenarekin itxi du denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko mai. 16a, 10:32

Lauburu K.E. Ibarrak Aurrera de Vitoria taldearen aurrean 4-2 irabazi ondoren 3 puntuak eskuratu eta denboraldia zazpigarren postuan amaitu du. Ikusleak futbol onarekin eta azken segundora arteko emozioarekin gozatzeko aukera izan zuten. Partida hasi aurretik, goizean bertan, Gipuzkoako txapelduna bilakatu den kadeteen taldea omendu zuten.

Azken derbiari aurre egiteko Mikel Diestrok, emakumezkoen selekzioarekin Errusian ibili ondoren, berriro bere taldeko agintea hartu eta aurreko asteko neurketa jokatu ezin izan zuten Cristian eta Unai berreskuratu zituen. Bi taldeek zazpigarren postua zuten jokoan.

Neurketaren hasieran, bi aldeak goian presionatzen zuten, aurkariari irteera zailtzeko helburuarekin. Lehendabiziko minutuetan arabarrak kokatuago ikusten ziren pistan eta bigarren minutuan, Javik, bakarkako jokaldi bat gurutzatutako jaurtiketarekin amaitu eta aurreratzea lortu zuten. Josebak ezin izan zuen gelditu.

Golaren ostean, piparreroak partidan asentatu eta lehenengo aldiz gol-aukerak sortzen hasi ziren. Hala, seigarren minutuan Cristianek pista erdian baloia ostu eta Unaik berdinketa egitea lortu zuen.

Pixkanaka, Lauburu partida menderatzen hasi zen eta handik aurrera izan zituen gol-aukera garbienak. Hamaikagarren minutuan Unaik, aurkariaren areatik gertu baloia ostu eta Garmeni lagundu zion, honek, errematearekin gozatu eta etxeko taldea aurretik jar zezan. Alta, Aurrera suspertu egin zen eta Josebaren atean arriskuak sortzen hasi zen, halako batean Zumetak eskuadratik sartu eta emaitza berdindu zuen arte. Lehendabiziko zatia amaitu eta aldageletara joan ziren jokalariak.

Bigarren zatian etxekoek jokoa lasaitzen eta jokaldiak gehiago lantzen saiatu ziren. Eta horren emaitza, piparreroen hirugarren gola izan zen. Cristianek, jokaldi batean, Unairi baloia pasa eta honek, aurkariaren sareetan sartu zuen beste taldeko jokalari bati jo ondoren.

Gol honen ondoren, jokoa orekatu egin zen, gol-aukerak bata zein bestearentzat sortzen ziren baina atezainak ongi erantzun zuten. Minutuak pasa ahala bi taldeak bost falta pilatu zituzten eta horrek tentsioa areagotu zuen.

Bost minutu faltan eta hutsarte baten ostean, Aurrerak atezain jokalaria atera zuen berdinketaren bila; baina Lauburu izan zen bien arteko aldea handitu zuena, baloia ostu eta Andonik ate hutsean sartu ondoren. Aurrera saiatu zen laurentzat bostekoarekin jarraituz baina markagailua ez zen mogitu eta partida 4-2koarekin amaitu zen.

Garaipen honek ibartarrak partida hasieran zeuden postuan uzten ditu, zazpigarren postuan, eta Areto Futbolaz gozatzera Belabietara inguratu ziren ikusleek azken aldiz poza sentitzeko parada ere, izan zuten denboraldiko azken partida honetan.

www.lauburuke.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!