Lauburuk denboraldia Belabietan itxiko du

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko mai. 13a, 08:22
Larunbat honetan, hilak 14, ibartarrak denboraldiko azken jardunaldiari ekingo diote, Belabieta kiroldegian Gasteizko Aurrera taldearen aurka jokatuko duten partidan. 20:00etan izango da.

Bi taldeak, ligako azken jardunaldira etxeko lanak eginda iristeak ematen duen lasaitasunarekin neurtuko dira euskal derbian. Piparreroak, 40 punturekin, zazpigarren postuan daude, zortzigarren sailkatua den Sala Quinto taldearekin berdinduta daudelarik. Aurrera taldea bederatzigarren postuan dago, 38 punturekin, beraz, etxekoen garaipenak, denboraldia zazpigarren postuan amaitzea ziurtatuko luke; urte zaila izan dute aurtengoa, Mikel Diestrok zuzendutako mutilek.

Taularen gorenean, Colo taldea, Xotari irabazi eta ligako azpi-txapelketa ziurtatu ondoren, Zierbena txapeldunarekin joango da datorren kanpainan Errege Kopa jokatzera. Koparako beste postua Pinseque eta Xotak jokatuko dute azken jardunaldian; Pinseque taldeak jaitsiera du jokoan eta San Juanek, berriz, jokoan ezer izan gabe, Sala Quinto jasoko du etxean eta denboraldia egoera onean amaituko du.

Benetako lehia jaitsierako mailetan dago, bost talde dira Villa de Murillo eta Sala Cadreterekin batera, Hirugarren Mailara jaisteko arriskuan daudenak: Xota, Segorbe, Santurtzi, Labastida eta Fuenmayor; bost taldeak, jaitsiera azken jardunaldian ekidin beharko dute.

lasaitasun handiko azken jardunaldi honetan Lauburu eta Aurrerak zazpigarren postua dute jokoan; egoera hau denboraldia festa handi batekin agurtzeko aitzakia izan beharko luke. Elkarteak afizio guztia gonbidatzen du Belabietara etxeko taldeari zazpigarren postua ziurtatzen laguntzeko eta piparreroen urte bikaina ospatzeko.

Atsedenaldian, gure laguntzaile, Mahala eta Danon Txokoa tabernaren produktuak zozketatuko dira. Ohiko moduan, bi lagunentzako afaria ere zozketatuko da elkarteko bazkide guztien artean, partidan bertan egon ala ez. Azkeneko zozketan Danon Txokoan bi lagunentzako afaria irabazi zuen bazkidea Xabier Zuriarrain izan zen. Zorionak!!!

www.lauburuke.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!