Partida oso ongi hasi zen ibartar gazteentzat, intentsitate handiarekin jokatzen ari ziren eta aukera ugari sortzen. Hala ere, markagailua estreinatzerako 10 minutu pasa ziren eta Liher izan zen 1-0ekoaren egilea. Hamaseigarren minutuan Julenek, beste golarekin, bi taldeen arteko aldea handitu zuen, eta honek, taldearen jokoa lasaitu zuen. Atsedenaldira 2-0eko emaitzarekin iritsi ziren.
Bigarren zatiko 3. minutuan Gurruk 3-0ekoa egin zuen baina bosgarren minutuan donostiarren erantzuna etorri zen 3-1ekoarekin. Lauburukoek donostiarren bultzadari eutsi nahian faltak pilatzen hasi ziren, baina hala eta guztiz ere, hamaikagarren minutuan taldearen laugarren gola izango zena sartu zuten, oraingoan Asierrek, 4-1ekoa eginaz. Donostiarrak penalti bikoitzarekin markagailua igotzeko aukera izan zuten baina jaurtiketa kanpora joan zitzaien.
Jada, azken minutuetan bisitariek 4-2koa egin zuten baina Lauburuk, berriro Gurruren bidez, azken tantoa egitea lortu zuen, 5-2. Donostiarrak azken saiakera egin zuten atezain-jokalaria ateraz baina markagailua bere horretan geratu zen. Emaitza honekin Mikel Raposok gidatutako gazteak titulua lortzeko finalera pasa dira; datorren larunbatean izango da 9:30ean Aretxabaletako Ibarra kiroldegian eta Anoeta Herri Ikastola taldearen aurka jokatu beharko dute.
Lehenengo Probintzialeko seniorrak eta Lauburu Berastegi, nesken taldeak, galdu egin zuten beren finalaurrekoetan.
Lauburu Berastegik Idiazabalen aurka 5-0 galdu zuen, emakumezkoen kategoriako finalaurrekoan; Ezin izan zuten Euskal Kopako finalean lortutako emaitza bikaina errepikatzea lortu eta Aretxabaletan finala jokatzeko aukera ateetan geratu zitzaien. Filialak berriz, Pasaian, Pescados Ferreres taldearen aurrean irudi bikaina erakutsi bazuten ere, partida 5-2 galduta ezin izan dute finalera iritsi.