Ohikoa den bezala, ibartarrak lantaldean baja ugari dituztela egin behar izan die aurre partidari, aulkitik hasita, izan ere, Juanan Rodriguezek Mikel Diestro ordezkatu baitu, azken hau, emakumezkoen selekzioa zuzentzeko deitua izan delako. Juananen mutilak, ordea, ez ziren denbora pasatzera joan eta irabazteko gogoa erakutsi zuten.
Menderatzeari dagokionez, bi taldeak berdintsu hasi ziren, laster izan zituzten, gainera, markagailua irekitzeko gol-aukerak. Bi aurkariak eraso-trantsizioak egiten zituzten baina atezainen lan bikainak partidako aukera guztiak zapuzten zituen. Hiru hilabetez jokatu gabe egon ostean, Joseba Balerdiren itzulera azpimarratzekoa da. Atsedenaldirako bost minutu falta zirela, baloia ateratzean egindako oker bat medio, aragoiarrak, Hectorren bidez, lehendabiziko tantoa egin zuten. 1-0ekoarekin atsedenaldira joan ziren.
Bigarren zatian, piparreroek defentsan indartu ziren, trantsizioan arin irteteko. Lan onak izan zuen saria: Xabik Ioritzi baloia eskura utzi eta honek, ateetara sartu zuen. Banako berdinketa markagailuan eta oraindik 17 minutu aurretik. Baloiaren jabetza etxekoentzat bazen ere, aukera garbienak bisitariek izan zituzten. Minutuak aurrera joan ala, nekea jokalariengan eragiten hasi zen. Juananek, urteetako esperientzia agirian utziaz, atezain jokalaria ateratzea erabaki zuen, taldeak arnasa hartu zezan. Azkenean, hala ere, bi taldeak berdinketarekin etxeratu behar izan zuten eta Quinto de Ebro pabilioian bildu ziren ikusleen txaloen artean agurtu ziren.
Berdinketa honekin, ibartar taldea taularen zazpigarren postuan kokatzen da, eta beren esku dago postu hori, azken jardunaldian ere, bere horretan mantentzea. Datorren larunbatean ibartarrak afizioaren aurrean agurtuko dira, Gasteizko Aurrera taldearen aurka jokatuko duten partidan. Bi taldeak zazpigarren postua dute jokoan; denboraldia amaitzeko euskal derbia ikusgai.