Lauburuk Zaragozan jokatuko du

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko mai. 6a, 09:56

Astebeteko atsedena hartu ondoren, Lauburu K.E. Ibarra txapelketara itzuliko da, hogeita bederatzigarren eta azken aurreko jardunaldia izango dena jokatzeko, kategoriako kantxarik zaratatsuenean, gainera. Neurketa Quinto de Ebro (Aragoi) herrian izango da 18:00etan.

Ibartarrak, aurreko jardunaldian Ebrosalari irabazi eta kategoria libratzea lortu ostean doaz Zaragozara. Lortutako hiru puntuak berebiziko garrantzia dute, azken bi jardunaldietan mailaz jaisteko izandako arriskuaren presioa kendu baitute.

Bigarren itzuli honetan ohikoa izan den moduan, Lauburuk neurketa honi, bere baitan baja asko dituela egin beharko dio aurre. Labaka, Txipi, Arros eta Uzkudun ez dira egongo partida honetan; Mikel Diestro ere ez dago, emakumezkoen Futsaleko espainiar selekzioarekin buru-belarri dabil Moskun (Errusia), datorren maiatzaren 9an VII. Nazioarteko lagunarteko torneoa jokatuko baita bertan. Juanan Rodriguez izango da Sala Quintoren aurkako neurketa zuzenduko duena.

Sala Quinto F.S. Zaragozako 2.000 biztanle inguru dituen herri txiki bateko taldea da, Quinto de Ebro. Lehenengo taldea, Ibartarren moduan, bertako jokalariez osatuta dago. Jokalari bertikalak eta teknika aldetik maila handikoak dira.

Joko onaz aparte, partidaz partida kantxa bete egiten duen afizio bikaina daukate. Jardunaldi oro, Quinto de Ebroren Pabilioian sortzen dena benetako ikuskizuna izaten da. Afizioa larunbatero biltzen da, eta festa eginez bere taldea babesten du, tokia gotorleku bilakatzen delarik; talde handi ugari ezerezean geratuta joan behar izan dute handik. Aragoiko taldeak azken sei partidetatik bost irabazi ditu; zazpigarren postua eskura dute eta hori lortzeko ibartarrekin lehian ari dira.

Lauburu eta Sala Quinto, 39 punturekin berdinduta, taulako zazpigarren eta zortzigarren postuan daude. Honek, partida bikaina izango dela aurreratzen digu, bi taldeak, aurreko jardunaldian libratu izanak ematen duen lasaitasunarekin jokatuko dute eta hiru puntuak irabaztera aterako dira, denboraldia ahalik eta hobekien bukatzeko asmoz.

Ibartar espedizioa 13:15ean aterako da Ibarrako Belabieta Kiroldegitik Quinto de Ebrora bidean. Bazkideak gonbidatzen ditugu, bulegoetan izena eman eta taldearekin bidaiatzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!