Mahala Lauburuk Euskal Kopako finala du jokoan

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko apirilaren 23a

Igande honetan 11:00etan, Areto Futboleko beste jaialdi bikain bat izango da Belabietan bertan, Jubenilen Ohorezko Mailako Euskal Koparen finalaurrekoa. Eta aurkariak, Mahala Lauburu eta Laskorain K.E.

Txubelen mutilak Belabietan jokatuko duten denboraldiko azken neurketa izango da. Denboraldi bikaina izan dute piparrero gazteak eta ongi baino hobeto bukatuko lukete, kategoria honetako Euskal Koparen titulua seigarren aldiz lortuz gero.

Joaneko emaitza 2-1ekoa izan zen beraz, itzulerako partidak tentsioa eta zirrara agintzen du bi taldeen artean.

Txubelek lantalde osoa du eskura eta partida hau ilusio handiarekin ari da prestatzen, jokalariak ere lan handia egiten ari dira, datorren astean Galdakaoko Urreta kiroldegian egon ahal izateko, non 17:30ean Euskal Koparen finala hasiko baita. Beste finalaurrekoan, Bilbok Zierbena jasoko du eta joaneko partidan egindako 5-2ko emaitzari itzulia ematen lan handia egin beharko du Bilbok.

Lehenengo Probintzialeko filialak Nest Zerbezeria taldea jasoko dute ostiralean 20:30ean Belabietan. Ligaren amaierako bi jardunaldi falta direnean, Juanmaren mutilak tituluaren play off-a jokatzea ziurtatuko dien garaipenaren bila joango dira.

Kadeteak larunbatean jokatuko dute, 12:15ean Donostiako Gaska kiroldegian Summa Aldapeta taldearen aurka. Aurreko jardunaldian play off-a ziurtatu ostean, beren zortzigarren partida jarraian irabazten saiatuko dira, horrela, ligako azpitxapelketa ziurtatzeko.

Lauburu Berastegik, ostiralen 22:00etan, nesken kategorian ligako finalera pasea jokatuko du Legorretako Harripila frontoiean. Uzturpe Lauburu, infantilak, larunbatean 9:00etan, liderra den Goierri K.E. taldearen aurka neurtuko dira, Urretxuko Aldiri kiroldegian.

www.lauburuke.com

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!