Euskal kopa, kolokan

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko api. 19a, 11:25

Mahalak, neurketa gogor eta lehiakor batean, 2-1eko emaitza estu batekin galdu zuen Laskorainen kantxan. Datorren igandean, hilak 24, Belabietan erabakiko da nork jokatuko duen Euskal Koparen finala.

Ibartarrak markagailuan aurreratu ziren, Asierrek amaitu zuen kontra eraso batekin; Laskoraingo atezainak egindako lanarengatik eta baita izandako zoritxarragatik, ezin izan zen alde hori gehiago handitu.

Lehendabiziko zatian falta asko egin zituzten eta Mahalak bost pilatu zituen minutu gutxietan. Horrela, zalantza handiko ekintza batean, epaileak seigarren faltarekin zigortu zituen piparreroak eta ondorioz penalti bikoitza. Laskorainek ongi baino hobeto aprobetxatu zuen zigorra izan zen, Beñatek bota eta berdinketa lortu baitzuten. Hamahirugarren minutua zen eta aukerak bientzako ikusten baziren ere, azkenean banakoarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian dinamika bera, aukera garbiak bi taldeentzat baina azken metroetan ezin asmatuz ibili ziren. Hiru minutu falta zirela, piparreroek egindako oker bakarrean, Juaristik baloia jaso eta sareetara bidali zuen. 2-1eko emaitzarekin neurketaren amaiera iritsi zen eta datorren asteburuan Belabietan jokatuko duten itzulerako partidaren zain geratu ziren.

Lehenengo Probintzialak lanak egin eta 1-7 irabazi zuen azken sailkatuaren etxean, Irudek Barrantol. Ibartarrak laugarren postuan jarraitzen dute eta datorren asteazkenean Pizza Per Tutti Mondrate taldearen aurka, amaitu gabe utzi zuten partidaren azken 15 minutuak jokatuko dituzte. Belabietako itoginak zirela eta, neurketak, geldiarazi zuteneko launako berdinketatik aurrera jarraituko du.

Kadeteak Arizmendi Eskoriatzaren aurrean irabazi egin zuten eta garaipenarekin play off-ean postua ziurtatu dute. Lauburu galtzen hasi zen baina atsedenaldira iritsi aurretik Gurruk berdinketa ezarri zuen hamar metroetatik jaurtiketa eginda. Bigarren zatian, berriro Gurruk taldea aurretik jarri zuen baina amaierako bost minutu faltan bisitariek binakoa egin zuten. Bi minutu baino ez, amaitzeko eta piparrero gazteen arteko konbinazio baten bidez Asierrek 3-2ko azken emaitza finkatu zuen markagailuan. Uzturpe Lauburu, infantilak, Zarautz A taldeari 3-2 irabazi zioten, garaipenarekin, sailkapenean hirugarren postura igoaz. 

www.lauburuke.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!