Lauburu Errioxara joango da

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko api. 14a, 11:30

Ibartarrak Fuenmayor C.D. taldearekin neurtuko dira txapelketako hogeita zazpigarren jardunaldiko partidan. Larunbatean 19:30ean izango da.

Denboraldia amaitzeko lau jardunaldien faltan, Lauburu K.E. Ibarrak garaipena eskuratu eta 3 puntuak lortu beharko ditu kategorian jarraitzea ziurtatu nahi badu. Aurreko jardunaldian ere izan zuen irabazteko aukera baina lantalde gazteak egindako esfortzuak ez zuen saririk izan. Jaitsieratik bederatzi puntura daude gaur, baina seira jaitsi daitezke oraindik, Xotak, Labastidarekin atzeratutako partida jolastu eta irabazten badu.

Mikel Diestro buru duen talde teknikoak egindako lan bikaina ez da, tamalez, taulan islatzen. Bigarren itzuli honetan lesioekin dauden arazo iraunkorrak, denboraldiko lehendabiziko zatian Pinseque, Colo eta San Juan bezalako izen handiko taldeen aurrean lortutako emaitza bikainak lausotzen ditu.

Txapelketako bigarren denboraldi honetan izandako ezusteko guztiez gain, piparreroek jasandako 69 golen marka azpimarratzekoa da. Kategorian gola gutxien jasan duen bigarren taldea da, Iruñeako San Juanen atzetik, 68 golekin. Bizkaitar teknikoaren lan bikainaren isla, zalantzarik gabe.

Ibartar taldea egunez egun, lantaldea berreskuratzen ari da, aurreko jardunaldian Loitzun eta Cristian izan baziren deialdira itzuli zirenak, baliteke aste honetan, bi hilabete ondoren, Arros ere bertan izatea. Hala ere, Fuenmayorren aurkako neurketan parte hartuko duen ala ez oraindik ezin da ziurtatu.

3.500 biztanleko herri txiki bat izanda ere, Jose Luis Balmasedak gidatutako errioxar taldeak asteburu oro betetzen du Fuenmayorreko udal kiroldegia afizioarekin. Bertako kantxa oso konplexua da, asko indartzen dira afizioaren aurrean eta talde on ugari etxeratu behar izan dira errioxarren feudoan galdu ostean.

Iaz, estutasun handirik gabe lortu zuten kategorian mantentzeko helburua; aurtengo denboraldirako, talde teknikoaren zein aurreko kanpainako lantaldearen gehiengoaren jarraipenarekin egin zuten apustu. Lau jokalari berri ere gehitu zituzten, Juan Ramon Tejada, Agoncillo F.S. taldetik, Cristian Plaza eta Alejandro Cabrerizo, Calahorrako A.D. Lardero taldetik eta Mario Langarica, filialetik igotako jokalaria.

Errioxarrak zortzigarren postuan daude 34 punturekin eta ibartarrak berriz, zazpigarrengoan, 36 punturekin. Zuzeneko bi aurkarien arteko neurketa izango da eta kantxan ikuskizun paregabea eskainiko dute, aurreko kanpainan jokatutako eta seina amaitutako partida ikusgarri haren modukoa.

Ibartar espedizioa 16:00etan aterako da Ibarrako Belabieta kiroldegitik. Bazkide guztiak gonbidatuta zaudete, bulegoetan izena eman ostean, taldearekin batera bidaiatzera. 

www.lauburuke.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!