Norgehiagoka 12:00etan izango da eta gipuzkoar afizioak azken urteetan ikusi duen talderik sasoikoena ikusteko parada izango du, jardunaldi honetan ikusmin handien sortuko duen talka bilakatuko delarik.
Mikelen taldea garaipena ezagutu gabeko lau partiden zoritxarra atzean utzita dator. Dinamika txar batekin bukatzea ez da batere erraza baina Labastidaren aurka egindako partidan, lehendabiziko zati bikain baten ostean, aurkaria menperatu eta 6-1 irabaztea lortu zuten. Ibartarrek, partida hau, talde handi baten aurrean bere burua berresteko aukera bikaintzat hartzen dute.
Norgehiagokarako beroketan, Unai Labakak hankeko ezker muskulu-bikian mina izan zuen berriro eta erlojupekoan ari da lanean hurrengo partidara baldintza onetan iritsi ahal izateko. Ioritzek ere bajan jarraitzen du eta Zierbenaren aurka jokatuko ote duen zalantzak daude oraindik; batzuk osatzen zein besteak zaintzen nahikoa lan dago erizaintzan eta denboraldi honetan behintzat, ez du joera txar hau aldatuko denik ematen.
Bizkaitar taldea menperatzea oso zaila da, Bigarren B Mailan esperientzia luzea duen lantaldea du eta kategoriako talderik onenetako bat izaten denboraldi ugari darama. Aurreko udan nabarmen indartu zen eta kanpaina izugarria betetzen ari da. Ibarrara, Debabarrenari irabazi ostean dator, garaipen horrek, jarraian irabazitako hamabi partiduko joera beldurgarria osatzen duelarik. Iñigo Martínezek gidatutako mutilak kategorian liderrak dira eta 10 puntuko abantaila dute atzetik duen taldearekin, Pinsequerekin, hain zuzen.
Partida zaila ibartarrentzat, baina aldi berean, 2015-16 kanpaina honetako liderraren aurrean jokatzeko erronka polita ere bai. Inolako zalantzarik gabe, Areto Futboleko afizionatuek galdu beharko ez luketen ikuskizun bikaina eskainiko digute bi taldeak kantxan. Lauburu elkartetik ibartar afizioa Belabietara etortzera gonbidatzen dugu, taldeari bizkaitarren aurrean jokatzen laguntzera. Ikuskizuna ziurtatua dago eta ez litzateke lehenengo aldia izango, zailtasunari aurre egin eta aurreikuspen guztiak gaindituz ezustekoa ematen dutela.
Gogoratu, atsedenaldian, gure laguntzaileak diren Mahala eta Danon Txokoa tabernako produktuak zozketatuko ditugula. Elkarteko bazkide guztien artean bi lagunentzako afariaren zozketa ere egingo da jarraian, partidan bertan egon edo ez. Azken zozketan, Danon Txokoan bi lagunentzako afaria irabazi zuen zorionekoa, Loitzun Sanz izan zen. Zorionak!!!