Lauburuk Belabietan irabazi beharko du

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko martxoaren 11

Larunbatean Lauburu K.E. Ibarrak, Mahastiak Labastida, Arabar Errioxako taldea jasoko du Belabietan, norgehiagoka arratsaldeko 18:00etan izango delarik.

Ibartarrek hogeita hirugarren jardunaldia hau gogoz hartuko dute, azken hilabeteko zori txarra atzean uzteko helburuarekin. Mikelen mutilak irabazi gabeko lau partida egin dituzte, hiru porrot eta berdinketa batekin, hain zuzen.

33 punturekin taularen zazpigarren postuan dago Lauburu. Sailkapenean Zierbenak agintzen du eta gauzak asko aldatu ezean, Ligako txapelduna izango dela aurreikusten da. Bigarren sailkatua, San Juan taldea, 10 puntu atzerago doa, bigarren postuan.

Bigarren eta hirugarren postuek Errege Kopa jolasteko eskubidea ematen dutenez, San Juan, Pinseque, Colo eta Ebrosala taldeen artean lehia handia espero da. Lau taldeen arteko aldea 3 puntukoa besterik ez da, eta 24 daude jokoan.

Datorren partidan, piparreroak sailkapeneko hamaikagarren postuan dagoen Mahastiak Labastida taldearen aurka jokatuko dute. Arabarrek postu korapilotsuetatik ateratzea lortu dute eta beherakada jasaten ari diren taldeekin 4 puntuko aldea dute.

Maila honetan esperientzia handiko taldea da, ziurrenik II Multzoko talderik zaharrena izango da. Beheko postuengatik lehiatuta ere, oso zaila da talde hau geldiaraztea, bere jokoa oso zuzena eta bertikala baita. Hiru puntuak oso garrantzitsuak dira bi taldeentzat eta partidak ez du huts egingo. Elkarteak afizioari deitzen dio, larunbat honetan Belabietara bertaratu dadin, taldea animatzeko eta estutasun txiki honetatik ateratzen laguntzeko.

Gogoratu, atsedenaldian, ohiko moduan, gure laguntzaileak diren Mahala eta Danon Txokoa tabernaren produktuak zozketatuko ditugula. Elkarteko bazkide guztien artean bi pertsonentzako afaria ere zozketatuko da, partida ikusten egon edo ez. Azken zozketako afariaren irabazlea, Danon Txokoan, Izaskun Txintxurreta izan zen, zorionak!!!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!