Lauburuk Zaragozan jokatuko du

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko mar. 3a, 05:34

Datorren larunbatean, martxoak 5, Lauburu K.E. Ibarra Zaragozara joango da Pinseque taldearen aurka jolastera. Txapelketako hogeita bigarren jardunaldia arratsaldeko 18:00etan izango da.

Mikel Diestrok zuzendutako taldea ez dago bere onenean, bigarren itzuli honetako lehenengo hiru jardunaldiak irabazi eta taulan seigarren postura iritsi ondoren, berdinketa bat eta bi porrot jasan dituzte azken hiru norgehiagokan. Zori txarreko hiru emaitza hauen ondorioz Debabarrenak taulan gainditu egin die eta Lauburu zazpigarren postura jaitsi da. Gipuzkoar bi taldeak berdinduta daude 33 punturekin.

Hurrengo partidarako Arros, David, Joseba eta Iraitz bajan izango dira, eta Cristian berriz, bere lesiotik osatuta Zaragozara bidaiatzeko prest dago. Ibartarrek lesio-arazo larriak direla eta, denboraldi zaila izan dute baina pixkanaka lantaldea berrosatzen ari da taldea.

Aste buru honetan Lauburu Pinsequera joango da, beraz. Areto Futbola intentsitate handiarekin bizitzen duten Zaragozako 3.400 biztanleko herri txiki bat da Pinseque. Talde bikaina da eta gaur egun sailkapenean hirugarren postuan dago 43 punturekin. 14 garaipen, berdinketa bat eta 6 porrot bildu ditu denboraldi honetan jokatutako 21 partidetan.

Daniel Salanuevak zuzendutako taldea ligako txapeldunordea da gaur egun. Aurreko kanpainan titulua lortzeko lehian, Colo Colo eta biak ibili ziren azken jardunaldira arte, azkenean ligaren saria Colo Colok eraman zuelarik.

Ibartarrei konpromezu zaila datorkie, izan ere, Pinseque, partida honetara aurreko jardunaldian Errioxan Labastidaren aurka galdu ostean baitator. Horri, lehenengo itzulian Belabietan, Laubururen 3-1eko garaipena gehitzen badiogu, aragoiarri ez zaie motibaziorik faltako Mikelen taldea garaitzera guztiarekin ateratzeko.

Ibartar espedizioa 13:45ean aterako da Ibarrako Belabieta kiroldegitik Pinsequera bidean. Elkarteak bazkide guztiak taldearekin bidaiatzera gonbidatzen ditu, aldez aurretik bulegoetan izena emanda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!