Berriro galdu du etxean Lauburuk

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko ots. 28a, 23:15

Mikelen mutilek bigarrenez galdu dute etxean, ligako irabazlea den Colo Colo taldearen aurka eta 1-5eko emaitza sendo batekin.

Partida txarra piparreroentzat, igande goizean jokatutakoa. Aragoiarren jokoari nahiko lanekin eutsiz hasi ziren; Colo Colo bizi-bizi atera zen hasiera-hasieratik, behin eta berriro inguratzen ziren arrisku egoerak sortuz eta etxekoei oso zaila egin zitzaien aurkariaren erasoak ekiditea.

Zazpigarren minutuan markagailua estreinatu zuten bisitariek, Muniesak, Trasobaresen jokaldi bikain baten ostean jaurtiketa zuzen bat egiteko aprobetxatu zuenean. 0-1ekoa izan zen.

Ondorengo minutuetan dinamika berak jarraitu zuen partidan, txapeldunak Lauburu menderatuz eta honek, trantsizio azkarren bidez gol-aukera gutxi batzuk sortzen zituelarik.

Hamabigarren minutuan berdinketa iritsi zen, Unaiek jokaldi on batean baloia Loitzuni pasa eta honek, 1-1ekoa egin zuenean. Emaitza horrekin lehenengo zatiaren bukaerara iritsi ziren.

Bigarren zatian Colok argi erakutsi zuen aurreko kanpainan liga irabaztearen zergatia. Zaragozako mutilak arrabola moduan atera ziren aldageletatik eta piparreroen gainetik erraz nagusitu ziren.

Sortzen ziren aukerak bisitarienak izaten jarraitzen zuten eta bosgarren minutuan bigarren eta hirugarren golak sartu zituzten, etxekoentzat 1-3ko emaitza horrek partida asko zaildu zuelarik.

Ondorengo minutuetan Lauburu saiatzen zen baina ezin, Colo handiak etxekoen eraso guztiak gelditzen baitzituen. Bukaerarako bost minutu falta zirela 1-4ko emaitza iritsi zen aragoiarrentzat. Orduan, ibartarren entrenatzaileak bost lauentzat egitea erabaki zuen baina bisitariek bosgarren eta azken tantoa egiteko besterik ez zuen balio izan.

Porrota honekin Debabarrena gailendu zaio taulan eta Lauburu zazpigarren postura jaitsi behar izan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!