Aurkari gogorra dator Belabietara

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko otsailaren 25a

Datorren igandean 12:00etatik aurrera Lauburu K.E. Ibarrak gaur egungo ligaren irabazlea den Colo Colo Confort taldearen aurka jokatuko du.

Ibartarrak aurreko jardunaldian, Villa de Murillo, sailkapenean azkena doan taldearen etxean berdinketa egin zuten. Lesioak direla eta, taldea oraindik nahikoa murriztuta dago eta entrenatzaileak berriro jubenilen baza erabili beharko du deialdia osatzeko.

Lauburu, bere azken emaitzen ondorioz (porrota eta berdinketa), sailkapenean seigarren postuan dago 33 punturekin, baina Debabarrena eta Fuenmayor bezalako taldeak hurbiltzen hasiak dira eta dagoeneko partida bateko aldea dute ibartarrekin.

Colo Colo Confort aragoiar taldea, Alfonso Rodríguezek zuzentzen du eta aurreko kanpainako ligaren irabazlea izan zen. Baloi-joko ona du eta erasorako potentzial garrantzitsua; emaitza bikainak lortzen ari da taula-erdiko taldeen aurka baina era berean, goiko postuetan daudenen aurka galtzen du. Iaz antzeko zerbait gertatu zitzaien, ez zituzten emaitza onak eskuratu puntako taldeekin baina beste guztien kontra  irabazitako puntuekin liga bereganatzea lortu zuten.

Norgehiagoka zaila izango da, aurkariak partida intentsitate handiarekin hasten du beti eta horren adibide da, aurreko kanpainan Belabietan jokatutako partida; ibartarrak konturatzerako aragoiarrak 0-3 aurreratu ziren. Hala ere, Lauburuk jakin izan zuen emaitza horri itzuli bat ematen eta azkenean 5-3ko garaipena lortu zuten. Gakoa aurkari honek duen hasiera gogorrari eustea eta ikusten diren aukera guztiak aprobetxatzen jakitean dago.

Gogorarazi, partidaren atsedenaldian, ohiko moduan, elkartearen laguntzaileak diren Mahala eta Danon Txokoa tabernaren produktuak zozketatuko direla ikusleen artean eta elkarteko bazkide guztien artean berriz, bi lagunentzako afari baten zozketa egingo da. Azken partidan egindako zozketan, bi lagunentzako afariaren irabazlea Mikel Uribe izan zen. Zorionak!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!