Jubenilak Zierbenan galdu dute

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko ots. 23a, 08:42

Jardunaldi beltza ibartarrentzat, partida ikusgarri eta garbi batean Zierbena on baten aurrean galdu baitzuten. Bizkaitarren jokoa oldarkorra izan zen eta oso jokaldi onak landu zituzten.

Lehen zatia etxekoen aldeko 3-2 estu batekin amaitu zuen. Galipoen lehendabiziko tantoa hasierako 5 minutuetan Cristianen eskutik etorri zen baina bi minutu beranduago Tobik banakoa ezarri zuen markagailuan, ezkerrarekin egindako jaurtiketa bortitz batekin.

Hamalaugarren minutuan Luisen golak bizkaitarrak aurretik jartzea lortu zuen berriro eta 17garrenean Cristian, taldeko kapitainak, falta batean 3-1ekoa egin zuen piparreroen area ertzetik. Lehenengo zatiaren amaierarako minutua besterik falta ez zela, Josu Condek baloia bigarren zutoinean jaso eta 3-2koa ezarri zuen markagailuan. Emaitza horrekin eta zapuztutako aukera ugarirekin atsedenaldia iritsi zen.

Bigarren zatian gol-aukera asko izan zituzten bai batak eta baita besteak ere, baina erasoak atezainak geldiarazten zituzten. Euskadiko Selekzioan egondako bi atezainak topo egin zuten partidan eta biak lan bikaina egin zuten, kategoria honetan bi onenetakoak  direla frogatuz.

36garren minutuan Zioerbenak 4-2koa egin zuen Aguirrek amaitutako trantsizio azkar baten bidez. Orduan Txubelek atezain-jokalaria atera zuen baina Sergiok bi taldeen arteko aldea gehiago handitu zuen defentsan eskuratutako baloi batekin. 5-2ko emaitzak piparreroak aukerarik gabe utzi zituen. Hogeita hamazazpigarren minutuan Urko Gagok 5-3koarekin aldea murriztu zuen eta azken minutura arte Mahala Lauburu atezain-jokalariarekin saiatu zen baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta amaierara 5-3ko emaitzarekin iritsi ziren.

Lehenengo mailako filialak launa egin zuen Hirukide Eskolapioak Plomix taldearen aurka. Partida oso bizia non piparreroak 3-0 galtzen hasi ziren baina itzulia ematen jakin izan zuten eta 3-4koarekin aurretik jartzea lortu ere bai. Hala ere, amaierarako segundo gutxi falta zirela etxekoak azken tantoa egin zuten eta partida 4-4ko emaitzarekin amaitu zen.

Lehenengo zatia 0-1ekoarekin amaitu bazuten ere, kadeteak 3-4 irabazi zuten Donostian, Erain taldearen aurka egindako partida parekatu batean. Azken zatian ibartarrak 3 tantoz aurreratzea lortu zuten baina etxekoak suspertu eta bi minutu faltan berdinketara iristea lortu zuten. Norgehiagoka berdinketan amaituko zela ematen zuen baina Liherrek garaipenaren gola sartu zuen partidaren azken erasoaldietako batean. Lauburuko golegileak Julen, Iker, Gurru eta Liher izan ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!