Lauburu irabaztera doa Errioxara

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko ots. 17a, 23:32

Santurtziren aurrean euskal derbia galdu ondoren, ibartarrak Errioxara joango dira, Txapelketako hogeigarren jardunaldian, Villa de Murilloren aurka jokatzera 17:30etik aurrera.

Lesioak direla eta, taldea erlojupekoan dabil lanean, hurrengo norgehiagokan ahalik eta lantalde osatuena izateko baina ez du lehengoratzea lortzen eta jardunaldi honetan berrikuntza bakarra Unai izango da, aurreko partidan jasandako eragozpen txikiez osatzen bada. Besteak, taldeko fisioa eta elkartearekin elkar lanean aritzen den fisioterapia zentrokoen aginduetara jarraitu beharko dute, baina egoerak ez du hobera egiten eta beheko kategorietan ere islatzen hasia da jada.

Entrenatzaileak hala zioen bere taldearen egoerari buruzko balorazio batean: “Porrotak eta bajak alde batera utzita, taldea une onean dago, gazteak, beren lanarekin, konfiantza ematen dute pistan. Aurreko larunbatean erakutsi zuten maila bikainak gure harrobiarekin harro egoteko aukera ematen digu. Etxera punturen bat ekarri nahi badugu, gakoa defentsa ona egitean dago. Erasoa lasaitasunarekin hartu behar dugu, Santurtzin aurkako partidan, lehenengo zatian egin genuen moduan”.

Hurrengo aurkaria, Villa de Murillo, Errioxako taldea da. Murillo de Rio Leza herrikoa, hain zuzen. Aurreko kanpainan errioxar Areto Futbolaren protagonista izan zen. Sergio Martinezek gidatzen du lantaldea eta Hirugarren Mailako txapeldunak izatea lortu zuten, kategoria horretan beren lehenengo urtean. Ez zen taldearen garaipen bakarra izan, Federazioen Kopako azpitxapelketa ere irabazi zuten eta “Play Off”-ean gailendu ostean Bigarren B Mailara igo ziren.

Aurtengo denboraldian 7 punturekin taulan azken aurreko postuan daude. Txapelketa guztian partida bakarra irabazi dute eta Bigarren B Mailan jarraitzeko aukera zailtzen ari zaie, eta ligako azken zatian oso zaila egiten da puntuak lortzea, batez ere, jaitsiera ekiditeko beste taldeekin, eta kanpoan, lehiatu behar denean.

Bestalde, Mikelen mutilak aukera ezin hobea dute Ibarran jasandako azken porrota kitatzeko baina entrenatzailearen aburuz, ez da  partida erraza izango: “Murillo, sailkapenak esaten duena baino askoz hobeto jolasten duen taldea da eta larunbateko partida oso gogorra izango da, joaneko partidako hutsegitea ederki ordaindu behar izan duen asko landutako taldea”.

Ibarrako espedizioa 14:00etan aterako da Belabieta Kiroldegitik Errioxa aldera. Elkarteak ohiko moduan, bazkideak, bulegoetan izena ematea eta taldearekin bidaiatzera gonbidatzen ditu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!