Senior filialak ostiralean 3-1 galdu egin zuen Lasarten Ventanas Isu Lehioak taldearen aurka eta ondorioz, lehenengo itzulian sailkapeneko lehen postuan ibili ondoren, ibartarrak bosgarreneraino jaitsi dira.
Kadeteak banako emaitzarekin amaitu zuten Goierri K.E. taldearen aurka Ibarrako Belabieta kiroldegian. Bigarren minutuan, Goierri K.E. markagailuan aurreratu zen atezainaren okerreko sake baten ondorioz eta horrek norgehiagoka zaildu egin zuen. Lehenengo zatian bisitariak gogor babestu zuten beren atea baina 14. minutuan Ikerrek gola sartu eta berdinketa egitea lortu zuen ibartar taldeak. Berdinketaren ondoren eta lehenengo zatiaren amaiera arte, bi taldeak berdintsu jokatu zuten, gol-aukera handirik sortu gabe. Bigarren zatian biak izan zituzten aukera garbiak baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta partida banako emaitzarekin amaitu zen.
Lauburu Berastegi, nesken kategoriak, 4-3ko garaipen bikaina lortu zuen Idiazabal K.E. taldearen aurka, lehenengo postutik 3 puntura jarri dituelarik. Neskek kategorian liderra dena makurrarazi ostean titulua lortzeko lehian murgildu dira berriro. Partida zirraragarria hasieratik bukaeraraino. Atsedenaldira etxekoek 2-0 irabazten ari zirela iritsi ziren baina bigarren zatian idiazabalgo neskek beren lidergoa erakutsi zuten eta partidari itzuli bat emanez 2-3ko emaitza arte aurreratzea lortu zuten. Baina zirrarak ez zuen atsedenik hartu eta Ikerren neskak partidaren azkeneko unetan berriro aurreratu eta 4-3 ahaztezin bat etxeratu zuten. Uzturpe Lauburu, infantilen partida, eguraldi txarragatik, atzeratu beharra izan zen.