Bigarren itzuli honen hasieran Lauburukoak, hiru partida jarraian irabazi ondoren, garaipenen plenoa daukate eta taulako lehenengo postuekoekin aldea murriztea lortu dute. Gainera, sailkapeneko azkenekoen aurka kanpoan irabazi ondoren, atzetik dituzten taldeekin tartea ere handitu dute.
Hurrengo partidarako Mikelen mutilak Unai Labaka berreskuratuko dute, izan ere, fibra-haustura bat medio, bi hilabetez bajan egon baita. Arrosek berriz, ezker hankeko iskioa lesionatu ostean, bajan jarraituko du eta hurrengo partiduak ere galdu egin beharko ditu.
Igandeko aurkaria Santurtzi F.S. taldea izango da. Talde honek aldaketa ugari izan ditu, iazko udan lantalde gehiena berrituz. Jasandako bajak hauexek: Aritz eta Victor, lan-arazoak medio taldea utzi zutelako, Jose Zierbenara joan zen, Kimetz eta Iker berriz, Debabarrenara eta Valenek Gernika aukeratu zuen. Altak berriz: Jorge Calero, Jon Pinedo “Jonpi”, Miguel Cajigal eta Victor Ursueguialos. Atezain berriak Igor eta Mario dira, Soloarte eta Castrotik etorritakoak hurrenez hurren.
Asier Navarrok gidatutako talde hau, 8 garaipen eta 10 porrotekin lortutako 25 punturekin etorriko da Ibarrara, taulan zortzigarren postua dutelarik. Aurkari gogorrak dira bizkaitarrak, taldean mugikortasun handiarekin jolasten dute eta jokuaren alde guztiak ongi lantzen dituzte. Partidu honek, 40 minutuetan, kontzentrazio maila handia eskatuko du puntuak etxean geratzea nahi bada behintzat.
Atsedenaldian ez da ohiko zozketa faltako, elkarteko bazkide guztien artean bi pertsonentzat afari bat, alegia. Gure laguntzaile diren Mahala eta Danon Txokoak eskeinitako produktu sorta bana ere zozketatuko da bertan. Azkeneko zozketan, Benta Aldean afari baten bazkide irabazlea Shaila Goikoetxea izan zen. Zorionak!!!