Piparreroak beren hirugarren garaipena jarraian lortu nahi dute, taulako azkeneko postukoen kontura. Debabarrenari kanpoan eta Xotari etxean irabazi ondoren, ibartarrak norabidea zuzentzeko aukera izan dute eta Bigarren B Mailako lehenengo postuei begira jarri dira berriro.
Jokalarien lesioak direla eta arazoa luzatu bazaie ere, Mikelen taldea kanpaina bikania egiten ari da eta sailkapen taulan seigarren postuan egotea horren isla da. 26 puntu dituzte eta Debabarrena Egile taldearekin, zazpigarrena sailkapenean, bost puntuko aldea dute gainera. Gainetik Ebrosala dago, 33 punturekin; hirugarren eta laugarren postuetan berriz, 36na puntuekin, Colo eta San Juan daude eta lehenengo bi postuak Zierbena eta Pinsekek betetzen dituzte, 41 eta 37 punturekin hurrenez hurren.
Sala Cadrete 2010, aurkaria, kategori honetan hasi berria da. aurreko kanpainan Hirugarren Mailako liga irabazi zuten baina Bigarren B Mailara igotzeari uko egin behar izan zioten, baliabide faltagatik. Aragoiarrak aurreko udan desagertzeko zorian egon ziren, aurrekontuetan, ezarritako helburuetara iritsi ezinik geratu zirelako.
Erabakia, ordea, atzera bota zuten egun gutxi beranduago eta Bigarren B Mailara igoko zirela azaldu zuten. Taldeak, kategoriaz jauzia diru-galerarik gabe egiteko haina laguntzaile eta babesle aurkitu zituen denbora gutxian. Honela zioten Sala Cadrete 2010 taldekoek: “mirariak badira eta ez nola nahikoak. Cadrete bertako zein kanpoko jendea, Areto Futbola gustokoa ez duten persona zein enpresak…, denen aldetik izugarrizko laguntza eta babesa jaso dugu, eta horrek miraria handiagoa egiten du. Lehian jarraitzea besterik ez zaigu geratzen, gugatik ez ezik, pertsona guzti horiengatik ere. Cadreteren izena beste erkidegoetara eramango dugu eta Cadreteko herria bere Areto Futboleko taldeaz harro egon dadin maila ematen saiatuko gara”.
Aragoikoak Sailkapeneko azken postuan daude, bost punturekin. Ibartarrentzat, garaipenen norabidean jarraitzeko eta lehenengo postuetan dauden taldeekin aldea murrizteko aukera ezin hobea izango da.
Ibartarren espedizioa 13:45ean aterako da Belabieta kiroldegitik, Zaragoza bidean. Elkarteak bazkideak taldearekin bidaiatzera gonbidatzen ditu, horretarako aurretik, bulegoetan izena ematea eskatzen zaielarik.