Mahala Lauburu, etxetik kanpo nagusi

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko ots. 1a, 22:46
Denboraldiko titulua eskuratzeko talde faboritoenetako baten aurka garaipen garrantzitsua, Txubelen mutilak Tuteran lortutakoa. Infante, Andoni, Shein eta Tobiren hutsuneak medio, piparreroak pistako zortzi jokalariekin partida gogor bat jokatu behar izan zuten eta bakoitzaren esfortzuari esker, 3-6 irabaztea lortu zuten.

Partida nafarren presiopean hasi zen, lehen minutu zail batzuen ondoren, Txubelen mutilak askatuz joan ziren eta norgehiagokan nagusitzen hasi. Zortzigarren minutuan Urkok, bakarkako jokaldi bikain batekin aurrean jarritako guztiak driblatuz, 0-1ekoa egin zuen.

Hamaikagarren minutuan, Josu Condek, ezker bandatik eta ongi bideratutako beste bakarkako jokaldi baten bidez 0-2koa ezarri zuen markagailuan.

Riberak ez zuen hau espero eta intentsitatea igoaz, Peñaren ateetara arriskuzko gerturatzeak egiten hasi ziren, baina honek oso saio ona egin zuen. Etxekoen jokuak piparreroak faltak pilatzea eragin zuen eta zehazki, Cristianek jaurtitako penalti bikoitza batean lortu zuten bien aldeko tartea murriztea. 1-2koa zen eta lehenengo zatiaren amaiera iritsi zen.

Bigarren zatia ibartarren aldeko hasi zen, kantxa erditik baloia atera orduko nafarrek falta bat egin eta Agusek jaurtiketa indartsu batekin sareetara bota zuen baloia. 21. minutua zen eta 1-3koa.

Lau minutu beranduago Aspil Vidalek berriro murriztu zuen aldea markagailuan, ibartarrak galduta harrapatu zituen taldeko jokaldi batekin. 2-3koa Davidek egin zuen.

27. minutuan, Asier Ayerbe kadeteak, baloia pista erdian hartu eta Urtzik 2-4koa egiteko laguntza eman zion. Jarraian etorri zen jokaldian Ribera taldea bost falta pilatuta geratu zen.

Hogeita hamairugarren minutuan Peña, baloia pasa zioten jokaldi batean nahaspilatu, Albertok ostu eta 3-4koa egin zuen.

Hurrengo minutuetan, nafarrak urduri jarri eta faltak egiten hasi ziren, seigarrena 34. minutuan egin zutelarik. Agusek ez zuen barkatu eta hamar metroetatik tirata, 3-5ekoa jarri zuen markagailuan.

Riberak hutsartea eskatu ondoren atezain-jokalaria atera zuten baina Txubelenak ere ongi prestatu ziren emaitza babesteko. 38. minutuan Asier Ayerbe kadeteak bere zelaitik baloia bota zuen eta mantso-mantso nafarren ateetan sartu zen. 3-6koak borrokatutako, sakrifikatutako eta ongi irabazitako partidua erabakita utzi zuen.

Filialak 4-0 galdu zuten Pescados Ferrere Anaiak taldearen aurka. Kadeteak ere, Anoeta Herri ikastola liderraren aurrean 2-0 galdu zuten.

Lauburu Berastegi, nesken taldeak Anoeta F.T. taldeari 1-6 irabazi zion eta Uzturpe Lauburu, infantilak, Aldapetaren aurka 5-2ko garaipen bikaina lortu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!