Etxean irabazi du Lauburuk

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko urt. 31a, 18:52

Mikelen mutilak 5-1eko emaitzarekin garaitu zuten Gurpea Xota, hasiera-hasieratik ibartarrei aldeko jarri zitzaien partida batean.

Partida ibartarrentzat ezin hobe hasi zen, lehenengo jokaldian Arrosek, area barruan egindako aldaratze batzuen ostean 1-0ekoa egin baitzuen. 14 segundu, partida hasi zenetik.

Hasiera bikain horren ostean, piparreroak menperatzen hasi ziren. Xota, ahal zuen moduan babesten saiatzen zen baina etxekoek gol-aukerak sortzen zituzten behin eta berriro, eta hala, bosgarren minutuan Xabiren jokaldi eder baten ondoren, Ioritzek 2-0ekoa egin zuen.

Ondorengo minutuetan etxekoak menperatzen jarraitu zuten, baina gol-aukerak izan bazituzten ere, ez zuten asmatu azken momentuetan eta atsedenaldira 2-0eko emaitzarekin joan behar izan zuten.

Bigarren zatian nafarrak biziago atera ziren eta beren presio-marrak aurreratu ostean ibartarrei baloiaren irteera zailtzen hasi ziren. Lehen minutuetan Xotak hobeto jolastu zuen eta partiduko 25. Minutuan bien arteko aldea murriztu zuen Jotak arraseko tiro batekin jokaldi bat amaitu eta gola sartu zuenean.

Lortutako tanto horrekin bisitariak harrotu egin ziren eta piparreroen taldean zalantzak sortzen hasi ziren. Berdinketa egiteko aukera bat baino gehiago izan zuten baina Lauburuk kolpatu zituen berriro, bisitariek, zoritxarreko jokaldi batekin beren ateetan sartu eta 3-1ekoa egin zutenean.

Partidua zailtzeko arriskuan egon ondoren, hirugarren tantoak hauspo pixkat hartzeko aukera eman zien ibartarrei eta berriro baloia berreskuratuz gol-aukerak sortzen hasi ziren.

Amaierarako 6 minutu falta zirela iritsi zen 4-1ekoa eta lasaitasuna zabaldu zen Belabietan. Txipik, estrategia-jokaldi bat egin ostean, sareetara bota zuen. Laugarren tanto honekin, bisitariek atezain-jokalaria atera zuten baina Cristianek, ostutako baloi batekin ez zuen barkatu eta 5-1ekoa jarri zuen markagailuan.

Xota azken minutuak arte atezain-jokalariren apostua egiten jarraitu zuen baina markagailua ez zen gehiago mogituko eta amaiera 5-1ekoarekin iritsi zen. Taularen lehen postuei begira jartzeko aukera ematen dion garaipen bikaina izan da Laubururena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!