Ibartarrak partiduan murgilduta atera ziren, gol-aukera garbiak sortu zituzten hasiera-hasieratik eta Castroren defentsa segurtasun handirik gabe ikusten zen. Hala ere, bisitarien atezainak gol-jokaldi garbiak ekidin zituen.
Zortzigarren minutuan etxekoek markagailua estreinatu zuten, Agusek, bakarkako jokaldi batean, areaz kanpo egindako jaurtiketa bortitz batekin 1-0ekoa jarri zuen. Hamalaugarren minutuan berriz, Jokinek Castroko jokalari bati gibeletik baloia ostu eta sareetara bota zuen 2-0ekoa eginez.
Lehenengo zatian ibartarrak menperatu zuten partidua eta minutu bakarra falta zenean, berriro Agusek, bisitarien atezainak egindako aldaratzea jaso eta 3-0ekoa egitea lortu zuen. Emaitza honekin lehenengo zatiaren amaierara iritsi ziren.
Bigarren zatia ere, etxekoen alde hasi zen, bigarren minutuan Urtzik 4-0ekoa egin baitzuen, atezain aurkariaren beste aldaratze bat jaso ostean. Ibartarren bosgarren gola hogeita laugarren minutuan iritsi zen eta Tobik egin zuen, talde guztiaren artean landutako jokaldi bikain batekin. Norgehiagoka amaitzeko 4 minutu faltan, eta Josu Condek jaurtitako zeharkako falta batean, Tobik ukitu eta baloia sareetara bota zuen, 6-0ekoa eginaz. Urrea balio duten hiru puntuak irabazi zituzten, izan ere, Riberak Bizkaian galdu egin zuen eta Xota eta Zierbenak berriz, puntuak banatu behar izan zituzten Nafarroan.
Filialak 1-3 galdu zuten ostiralean Belabietan, Inter Kafetegia Eder taldearen aurka egindako partida motel batean. Porrota honek, taulan hirugarren postura jeitsi arazi ditu.
Kadeteak hiruna egin zuten Arantzazu Ama Ikastolaren aurka. Partidua asko zaildu zen lehenengo 2-0ekoarekin, eta ibartarrak nahiz eta atsedenaldia aurretik bina egitea lortu zuten, lehenengo zatia amaitzerako hirugarren gola jasan behar izan zuten.
Bigarren zatian, piparreroak bizi-bizi atera ziren eta partidua berdintzea lortu zuten. Irabazteko aukera ugari izan zuten baina ez zuten asmatu azken minutuetan eta 3-3ko emaitzarekin amaitu zen. Golegileak, Julen, Iker eta Alex izan ziren.
Lauburu Berastegi, nesken taldeak eta Uzturpe Lauburu, infantilak, galdu egin zuten Belabietan.