Mahala Lauburuk Castro-Urdiales hartuko du Belabietan

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko urtarrilaren 22a

Larunbatean Jubenilak Castro-Urdiales hartuko dute Ibarrako Belabieta kiroldegian 19:30ean. Kantabriako taldea oso ezaguna da ibartarrentzat, urte asko baitaramatzate nazio mailako kategorietan elkarrekin lehian.

Castro-Urdiales taldea izan da, piparreroei irabazi dion bakarra txapelketako lehenengo itzuli honetan. Partidua Kantabrian jokatu zen eta Txubelen mutilak egindako partidua nahikoa arraroa izan zen; lehenengo zatian kantabriarrak askoz partida hobea jokatu zuten eta erraz menderatu zituzten ibartarrak. Bigarren zatian, berriz, ibartarrak oso partida ona jokatu zuten baina suspertu zirenerako beranduegi zen.

Txubelek lantalde osoa du oraingoan, Asier Aierbe Kadetea eta guzti. Aurreko jardunaldian Laskorain K.E. taldeari 6-2 irabazi ondoren (hasierako 0-2ko emaitza gainditzea lortu eta oso bigarren zati ona jokatuz), adore handiarekin jasoko du Lauburuk Castroko taldea. Castrokoek 6 puntu dituzte eta azken aurreko postuan kokatuta daude; Mahala Lauburu hirugarren dago, 15 punturekin.

Lehenengo taldearen filialak Inter Kafetegia Eder taldea jasoko du ostiralean, Ibarrako Belabieta kiroldegian, gaueko 20:30ean. Kadeteak Donostira doaz larunbatean, Arantzazuko Ama ikastola taldearen aurka jokatzea, goizeko 11:00etan.

Lauburu Berastegi, nesken taldeak, igandean Inter Altzako taldea jasoko du Belabieta kiroldegian 11:30ean, eta Uzturpe Lauburu infantilak, Tolosan jokatuko dute larunbatean 11:00etan Hirukide Eskolapioak taldearen aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!