Gipuzkoar derbian Mahala Lauburu gailendu da

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko urt. 18a, 22:37
Ederra eta atsegina, Mahala Lauburu eta Laskorainek, igandean, Ibarrako Belabieta kiroldegian jokatu zuten partidua. Gipuzkoar derbia piparreroen garaipenarekin amaitu zen. Bigarren zatian erabakita geratu zen garaipena izan zen.

Norgehiagoka bisitarien bi jokaldi azkarrekin hasi zen. 30 segundura, Aritz Lasak markagailua estreinatu zuen Laskorainen alde. 0-1ekoa, jendez lepo zegoen Belabietako gradatan masailekoaren pare jazo zen. Eta bi minutu beranduago, landutako jokaldi batekin, berriro Aritzek 0-2koa egitea lortu zuen, gainera.

Bi kolpe horien ondoren hasi zen Lauburu suspertzen, eta laugarren minutuan Agusek bien arteko aldea txikitu zuen, aurkarien atezaina ustekabean hartu zuen jaurtiketa indartsu baten bidez 1-2koa egin zuenean.

Partidua bizkortzen hasi zen, gol-aukerak bi taldeentzat sortzen ziren baina bi atezainen lan bikainak ez zuen tanto gehiago egitea ahalbidetu eta atsedenaldira 1-2koarekin joan behar izan zuten.

Bigarren zatian, gol-aukerak sortzen jarraitu zuten bi taldeak baina Txubelen mutilak Tolosarrak baino hobeto ikusten ziren. 27. minutuan, Tobik, Peñak ateratako sake luze bat buruarekin jo eta binako berdinketa egin zuen.

Bisitariak, faltak pilatzen hasi ziren denbora gutxian eta 32. minutuan Andonik hamar metrotara jaurtitako penalti bikoitzean ihes egin zion baloiak. Bi minutu beranduago aurrez lortu ez zuena lortu zuen, bigarren zutoinetik gola sartu eta 3-2koa egin zuenean.

Laskorainek, orduan, atezain-jokalariaren apostua egin zuen, baina Txubelen mutilak ongi babesten zuten atea eta tolosarren jokaldiak amaitu gabe geratzen ziren. Hogeita hamazazpigarren minutuan Agusek zelai erdian baloia ostu eta ate hutsean sartuz, 4-2koa egin zuen.

Minutu bat beranduago, Arrak partida jada erabakita utziz, ostutako baloi batekin bosgarren tantoa egin zuen, eta 39. minutuan seigarrena etorri zen Agusen bidez. Azken honekin tolosarren nahiak erabat zapuztuta geratu ziren. Garaipen bikaina izan zen Mahala Laubururentzat, taulan hirugarren postuan kokatzen dira, lehenengotik 4 puntura, hain zuzen.

Laubururen filiala, seniorrak, 6-5 irabazi zioten Jaixki taldeari. Golak Carlitos (3), Juan Mari, Borja eta Armintz-en eskutik izan ziren.

Mikel Raposoren kadeteak banako berdinketarekin amaitu zuten Summa Aldapeta taldearen aurka Belabietan, gola, Gurruk sartu zuelarik. Eta Lauburu Berastegi, nesken taldeak berriz, Legorreta A.F.T. taldeari irabazi zion 1-7ko emaitza irmo batekin. Uzturpe Lauburuko infantilak aldiz, 1-5 galdu zuten The English School taldearen aurka. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!