Lauburuk porrotarekin hasi du urtea

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko urt. 17a, 16:14

Piparreroak 3-2 galdu zuten, oso berdinduta hasi baina bigarren zatian ihes egin zieten partidu batean.

Partidua, bi taldeen antzeko jokoarekin hasi zen, gol-aukerak bientzat sortzen zirelarik. Aukera garbiak izan ziren baina bi atezainen lan bikainak markagailua igotzea ekidin zuen.

Lehenengo zatia oso bizia izan zen, elkar ongi ezagutzen duten bi taldeen arteko lehiaren isla. Defentsak erasoei gailendu zitzaizkien eta bi aldeak atsedenaldira hutsean joan behar izan zuten.

Bigarren zatian ere, golerako aukera garbiak izan zituzten bi taldeak baina ez zuten amaitzea lortzen. Partiduaren amaierarako zazpi minutu faltan, piparreroak defentsan baloi bat galdu ostean eta Javik buruz-burukoa maisuki bukatzean aurreratu ziren markagailuan gasteiztarrak.

Lehenengo tantoaren ondoren ibartarrak berdinketa egiten saiatu ziren. Lauburu berdinketaren bila ahaleginetan zebilen bitartean falta bat iritsi zen bisitarien area ertzera eta Javik, jaurtiketa zuzen batekin, berriro sareetara bota zuen. Markagailuan 2-0 ezarri zuen.

Etxekoen bigarren golaren ostean Mikelek atezain-jokalaria atera zuen, emaitza onarekin, izan ere, Arrosek, hiru minutu falta zirela, bi taldeen arteko aldea txikitu baitzuen.

Ibartarrak berriro partiduan erabat murgildu ziren baina gasteiztarren defentsak berreskuratutako baloi batekin, ate hutsean, 3-1 egitea lortu zuten. Hirugarren golak partidua erabakita utzi zuen. Amaierarako sei segundu besterik ez, eta Cristianek, zuzeneko falta batean eta jaurtiketa bikain batekin, 3-2koa egin zuen.

Aipamen berezia Joseba Tobías jubenilaren debutari, ibartarren kantera luzetik datorren beste gazte bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!