CRISTIAN: “Lehenengo itzuli honetan egindakoa hobetzeko lanean gogor jarraituko dugu”.
Cristianek, piparreroen pisu astunetako batek, txapelketako lehenengo zatia izan du hizpide: “Lehenengo itzuli honetan denetarik izan dugu, orokorrean taldea ongi ikusi dut nahiz eta lan-arazoekin edota lesioekin entrenatzeko eta partiduetarako eragozpen asko izan ditugun. Entrenatzaile berriaren ideia eta joku-estilora egokitzeak ere denbora behar izan dugu.”
“Denboraldiaren hasiera nahikoa korapilatsua izan zen, jokatzeko era berrira egokitzen ari ginen baina gogor entrenatzen genuen. Eta hala ere, lehenengo lau partidetatik bakarra irabazi genuen eta beste hirurak galdu. Taldeak ez zuen etsi eta handik aurrera, jarraian hiru garaipen lortu genituen, lanean jarraitu eta gure aukeretan sinesten jarraitzeko gogoz bete gintuzten garaipena izan zirelarik”.
“Ondoren berdinketa bat eta etxetik kanpoko porrot bat jasan genuen baina ez ginen behera etorri eta beste hiru partidu jarraian irabaztea lortu genuen. Azkenik, liderraren etxean izandako porrotak eta gurean egindako berdinketak min dezente egin digu eta lehenengo hiru postuetatik urrundu gaitu, baina hala eta guztiz ere, gogor dihardugu lanean lehenengo itzulian egindakoa hobetzeko”.
Gasteizko Aurrera taldea izango da ibartarren aurkaria. Iaz mailan geratzea lortu eta jokalariek egindako ekarpenei esker diru-kontuak konpondu ondoren, Bigarren B Mailan jokatzen duten bigarren denboraldia dute gasteiztarrak.
Cristianen aburuz, partidu hau ez da batere erraza izango: “Gu baino sei puntu beherago egonda ere, liga honetako talde guztien moduan, aurkari gogorra eta zaila izango dela iruditzen zait, eta gainera etxetik kanpo jolastuta. Hala eta guztiz ere, Gasteizera hiru puntuen bila joango gara”.
Irteera, Belabietako kiroldegitik egingo da 15:45ean. Elkarteak, bulegoetan izena eman eta taldearekin bidaiatzera animatzen ditu bazkide guztiak.