Berdinketa garrantzitsua Bilbon lortutakoa

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2015ko abe. 22a, 23:37

Oso partida borrokatua, Mahala Lauburuko Jubenilak igande goizean Bilbon jokatu zutena. Azken segundura arte lehiatu behar izan zuten partida batetik, binako berdinketa baliotsua ekarri zuten etxera.

Norgehiagoka Bilbo C.F.S. taldearen irteera indartsuarekin hasi zen, baina Txubelek defentsa prestatzen denbora gutxi behar izan zuen, horrela, etxekoen lehenengo unetako nagusitasuna gainetik kenduz.

Bi taldeak izan zituzten gol aukerak, bi atezainak kinka larrian jarriz baina hauen lan bikaina medio, lehenengo tantoa luze joan zen.

1-0ekoa lehenengo zatiaren azken minutuan iritsi zen. Ibartarrak falta zorrotz baten ondorioz gola jasan zuten eta emaitza horrekin joan behar izan zuten atsedenaldira.

Bigarren zatian aldatu ziren gauzak eta piparreroak nagusitu ziren hasieratik; gol aukerak bata bestearen atzetik zetozten baina Bilbo C.F.S. taldeko atezainaren lan bikainaren ondorioz, tantoa egitea ez zuten lortzen. Denbora aurrera zijoan, eta itxuraz, baloiak ez zuen aurkariaren sareetara sartu nahi. Markagailua geldirik ziharduen.

Banako berdinketa, amaierarako 4 minutu falta zirela iritsi zen. Ibartarrak area-bazterretik ateratako falta batekin eta aurrez landutako jokaldi bat medio, Tobik sareetara bidali zuen baloia. Berdinketa lortu zen eta partiduaren dinamika ikusirik, balantza bisitarien aldeko jarriko zela zirudien.

Baina etxekoak aurreratu ziren berriro. Bilbok defentsan berreskuratutako baloi batekin, kontraerasoan, Asierrek tantoa egitea lortu zuen. 2-1ekoa zen eta partiduaren 38. minutua.

Txubelen mutilak, hala eta guztiz ere, ez zuten etsitzen eta emaitzari itzuli bat emateko borrokan jarraitzen zuten. Saria, partidaren bukaerarako segundu gutxi falta zirela iritsi zen, Agusek atezainaren aldaratze bat jaso eta baloia, jaurtiketa indartsu baten bidez sareetara bidali zuenean, 2-2koa eginaz.

Beste alde batetik, Kadeteak Aretxabaletan 2-3 irabazi zuten larunbat goizean, Eskoriatzako Arizmendi taldearen aurka. Lehenengo zatian nahikoa berdinduta ibili ziren eta atsedenaldira markagailuan bana eginda joan behar izan zuten.

Bigarren zatian ibartarrak 3 puntuak etxera ekartzea lortu zuten, ongi merezitako 2-3ko emaitza paregabearekin. Golak Alvaro eta Alexek sartu zituzten.

Filialak 5-1 irabazi zion Irudek Barrontol taldeari, honela, Probintziako Lehenengo Mailan lehenengoa jarraitzen duelarik. Neskek eta infantilen taldeak ez zuten jolastu.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!