Ibartarrak, hasiera-hasieratik gidatu zuten partidua eta jada lehenengo jokaldietan markagailua aldatzeko aukera garbiak izan zituzten. Bigarren minutuan, baloia defentsan ostu eta kontraerasoan Garmenek errematatu zuen 1-0ekoa eginaz.
Lehen minutu bikainak Laubururentzat, baloiaren jaun eta jabe ziren eta bien arteko aldea handitzeko aukerak ere, ugari iristen zitzaizkien. Seigarren minutuan landutako jokaldi bikain baten bidez, Andonik, ezkerrarekin gogor jo eta atezain aurkaria azpitik menderatu zuen, 2-0ekoa eginaz.
Ikusita bi taldeak egindako jokoa, ibartarrentzat nahikoa izango ez zen emaitza honekin atsedenaldira joan ziren.
Bigarren zatian, Sala Quinto biziago atera zen, aragoiarrak intentsitate handiagorekin jokatu zuten eta batzuetan ibartarrei falta zaien oldarkortasun horrekin borrokatu zuten baloi bakoitza.
Partidua berotzen zijoan eta bi taldeak faltak pilatzen hasi ziren. Aukerak zein faltak bi aldetara iristen ziren baina ez batak ezta besteak ere, lehen minutuetan ez zuten asmatzea lortzen.
Bigarren zatiaren erdian iritsi zen 3-0ekoa Laubururentzat, berriro Andonik, bakarkako jokaldi batekin atezaina driblatu eta tantoa egin zuenean.
Partidua Laubururen aldeko jarri zen baina aragoiarrak bezalako taldearekin ezin da inoiz fidatu. Oraindik asko geratzen zen bukaerarako eta Sala Quinto oso lehiakor ikusten zen.
Amaierako 7 minutu falta zirelarik, Sala Quintok markagailuko aldea txikitzea lortu zuen ibartarrak beldurtuz eta Mikelen taldearentzat aurkako dinamika batean sartuz.
Tade bakoitzak, jada, bost falta pilatuta eta bukaerarako 4 minutu besterik ez, Zaragozakoek atezain-jokalaria atera zuten. Etxekoek gogor babesten zuten emaitza baina bi minutu beranduago, erasoan egindako eta zentzurik gabeko falta bat medio, penalti bikoitza jasan behar izan zuten ibartarrak. Aragoiarrek barkatu ez zuten penaltia, markagailuan 3-2koa ezarriz.
Oraindik denbora geratzen zen eta Lauburu aurkarien bost lauren kontrakoa babesten jarraitzen zuen, baina higadura handiarekin; berdinketa minutu baten faltan iritsi zen Pedroren bidez.
Berdinketaren ondoren, ibartarrei partiduko azken jokaldian aukera bat sortu zitzaien. Aitzoli falta egin zien 4 segundu bakarrik geratzen zirela eta penalti bikoitza botatzea tokatzen zen. Txipik hartu zuen hamar metroetatik jaurtitzeko ardura, baina atezainak ateratzea lortu zuen eta Andonik aldaratzean ez zuen asmatzea lortu.