Porrota liderraren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2015eko abenduaren 13a

Partidu bikain batean Mikel Diestroren mutilak, Zaragozan, 4-2 galdu zuten Ebrosalaren aurka. Kategorian buru doan taldearen aurka eta kanpoan jolastea zaila izango zela aurreikusten zen; ibartarrak, gainera, lantaldea ere ez zuten aldeko, izan ere, Unai, Uzkudun, Aitzol eta Josebaren baja garrantzitsuak kontuan hartu behar ziren.

Hala eta guztiz ere, piparreroak jokoa menperatuz eta Ebrosala kinka larrian jarriz hasi ziren. Bertakoak baloia ateratzeko zailtasun handiak zituzten ibartarrek lehenengo lerroan ezartzen zuten presioa zela-eta.

Lauburu kokatuago zegoen kantxan eta aurkariari Endikaren ateetara iristen ez zion uzten; lehenengo zatian aukera guztiak piparreroentzat ziren baina ez zuten azken metroetan asmatzea lortzen eta Ebrosala bezalako talde baten aurrean, normalki, horrelakoak ordaindu egin behar izaten dira. Eta horrela gertatu zen, atsedenaldirako minutua falta zelarik etxekoek markagailua estreinatu zuten, landutako jokaldi bikaina Carlos San Miguelek jaurtiketa indartsu batekin amaitu zuenean. Eskuadratik sartu zuen eta 1-0ekoa egin zuten. Emaitza horrekin atsedenaldia etorri zen.

Bigarren zatian ibartarren defentsan akatsak pilatzen hasi ziren eta liderra gol-aukerak ikusten hasi zen.

Ibartarrak gogor borrokatzen zuten baina bukaerarako 9 minutu falta zirela 2-0ekoa iritsi zen. Jokaldi zorrotz batean eta bigarren txartel horia jaso ostean, Txipi kanporatua izan zen; taldea bat gutxiagorekin geratu izana etxekoek ongi aprobetxatu eta Sanmiguelen bidez bigarren tantoa egitea lortu zuten, partidua oraindik eta gehiago zailduz.

Hala ere, Lauburuk ez zuen etsi eta lehia mantentzen zuen. 6 minutu faltan, Andonik baloi bat ostu eta gola sartu zuen. 2-1ekoa zen eta etxeko taldea beldurtzea lortu zuten.

Erreakziorako denbora zegoen oraindik baina Mikelen taldeak, ordurako jada, 5 falta pilatu zituen eta bien aldea txikitu eta segundu gutxira penalti bikoitza iritsi zen Ebrosalarentzat. Carlos San Pedrok bota zuen, ohiko 10 metroetatik; Iraitzek gelditu baina San Pedro berak aldaratutako baloia jaso eta 3-1ekoa egin zuen.

Une horretatik aurrera eta amaierako bost minutu falta zirela, piparreroak bost lauren kontrako apustua egin zuten baina hala eta guztiz ere, Ebrosalak egin zuen tantoa, 4-1ekoa ezarriz markagailuan. Azken emaitza bukaerarako segundu gutxi falta zirela iritsi zen, Loitzunek bigarren tantoa sartu zuenean. 4-2koa zen.

Partida bikaina baina porrota Laubururentzat, hala ere. Hurrengo norgehiagoka Sala Quintoren aurka izango da Belabietan, eta txukun lehiatu ahal izateko, lantaldea berreskuratu eta astean zehar lan gogorra egitea egokitzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!