Belabietan Fuenmayor taldeari irabazi ondoren, Lauburu, Ebrosala, Pinseque eta Zierbenaren atzetik laugarren postuan dago. Ibartarrak lehenengo hamabi jardunaldietan egindako 7 garaipen, berdinketa bat eta 4 porrotekin lehia bizian daude lehenengo hiru postuetan sartu eta datorren kanpainan Errege Kopa jokatzeko eskubidea lortzeko.
22 punturekin, aldeko 45 gol eta 29 kontrako dituztelarik, txapelketaren une hauetan eta II. Multzo honetan, gol gutxien jasan duen taldea da. Mikel Diestrok piparreroen gaurko egoera izan du hizpide: “Taldeak, jokua eta emaitzei dagokienez, dinamika baikorra du, bereziki defentsan. Talde guztia ari da ekarpena egiten eta asko nabaritzen da, gehienbat, larunbateko bezalako partiduetan, non lesioengatik edota lanarengatik, jokalari batzuk falta ziren (Loitzun, Arros, David, Endika). Aste honetan are okerrago gaude jokalarien bajei dagokienez baina ilusio handiarekin eta gure taldea zailtasunean hazi egiten dela ziur egonda goaz”.
Datorren jardunaldian kategoriako buru den Unizar Ebrosalaren aurka jokatuko dute. Partidu zaila ibartarrentzat. Aragoiar taldea iazko kanpainan igo zen Bigarren B Mailara baina II Multzo honetan faborito da jada. Carlos Silva eta Michel Cantinek zuzendutako taldea 2010-2011 denboraldian ligako txapelduna izan zen garai bateko Lehenengo A Nazionalean (gaur egungo Bigarren B) eta 2011-2012ko denboraldian Bigarren B Mailan lorpen bera izan zuen.
Ekonomia-krisi bat medio, kategoria honetarako behar haina aurrekonturik ez, eta ez igotzeko erabakia hartu zuten, bi denboraldi jarraian Hirugarren Mailan jokatu eta liga irabazi zutelarik. Iazko denboraldian Bigarren B Mailan debutatu zuten berriro eta kanpaina bikaina egitea lortu zuten, sailkapeneko podiuma lortzeko borroka bizian ibili ostean.
Beraz, Laubururentzat aurkari gogorra, eta aldi berean, ibartarrak sailkapeneko lehenengo postuak lortzeko baleko hautagaiak direla erakusteko parada. “Datorren norgehiagoka guretzat erronka handia da, aurkaria kategoriako buru da, bakarkako bikainekin taldeko jokua erakusten duena, ongi landutako estrategia du eta edozein eraso zapuzteko defentsa ezin hobea”, zioen Mikelek.
Ibartarren espedizioa, 11:30ean aterako da Belabieta kiroldegitik Zaragozara bidean. Elkarteak, izena ohiko tokian emanda, bazkideak partidua ikustera joatea gonbidatzen ditu.