Areto-futbol erakustaldi bikaina ikusteko parada izan zen, partiduko 40 minutuak oso biziak izan ziren, eta bi taldeak golerako aukera asko izan zituzten. Ibartarrak, indar handia erakutsiz eta partiduaren zama jasanez, markagailua aldeko edukitzea lortu zuten eta txapeldungaietako bat garaitu zuten.
Oso berdindua eta tantoa egiteko aukera askorekin hasi zen partidua, baina atezainen lana bikaina izan zen. Lauburu Mahala izan zen gola sartu zuen lehenengoa, Josuk, zazpigarren minutuan aldaratze batean. 1-0ekoa zen.
Tantoarekin piparreroak hazi egin ziren baina bien arteko aldea handitzeko aukerak galdu zituzten. Nafarrek, 18. minutuan, berdinketa lortu zuten Alejandron bidez ederki lotutako jokaldi batekin. Lehenengo zatia 1-1eko emaitzarekin bukatu zen.
Bigarren zatian bi taldeak hasiera-hasieratik saiatu ziren baina etxekoak egin zituen bi tanto jarraian, 24 eta 25. minutuetan, markagailuan 3-1ekoa ezarriz. Lehenengoa Urtzik, gurutzatutako jaurtiketa batekin eta bigarrena Andonik, ezker bandatik egindako jaurtiketa bikainarekin baloia nafarren atean eskuadratik sartu zuelarik.
Afizioak animatzen zuen eta markagailua igo zatekeen baina nafar gazteak ez zuten errez etsitzen eta birmoldatu ondoren, minutu gutxitan, jokua menderatzen hasi ziren. Horrela, 32. eta 33. minutuetan bi gol sartu zituzten, partida berdinketara eramanez. Lehenengoa etxeko defentsaren akats baten ondorioz Parejok sartu zuen eta bigarrena Alejandrok, talde guztiak borobildutako jokaldi batekin. 3-3koa kolpe handia izan zen piparreroentzat.
Hala ere, ibartarrak moralki indartsu jarraitu zuten eta 3 puntuak etxeratzeko helburuarekin, erasoan tematu ziren. Halako batean, Andonik kontraerasoan laugarren tantoa egin zuen. Bi minutu falta zirenean iritsi zen 4-3koa.
Handik aurrera urduritasun handiko minutuak izan ziren, Riberak atezain-jokalaria atera zuen eta piparreroek gogor babestu behar izan zuten partiduaren amaiera arte.