Berdinketa nagusi Bigarren B Mailako taldean

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2015eko abenduaren 3a

Larunbatean, Lauburu K.E. Ibarrak Fuenmayor C.D. taldearen aurka jokatuko du Belabietan arratsaldeko 18:00etatik aurrera, txapelketako hamabigarren jardunaldian.

Valentzian, Segorberen aurka irabazi ondoren, ibartarrak indartsu datozte. Taulan bosgarren postua lortu dute eta orain aste gutxi, urrun ikusten ziren lehenengo postuetarako lehian erabat sartuta daude.

2015-16ko denboraldiko 11 jardunaldi jokatu ostean, bigarren multzo honetan berdinketa da nagusi, izan ere, 10 talde baitaude lehenengo postuetara igotzeko borroka bizian, bost puntuetako aldea besterik ez dagoelarik guztien artean. Ebrosala eta Zierbena dira buru egiten dutenak 23 punturekin; atzetik, Pinseque eta San Juan 22 eta 20 punturekin; Lauburu bosgarren postuan dago 19 punturekin eta ondoren bost talde, 18na punturekin berdinduta daudenak.

Aste honetan, eta hiru jardunaldi jarraian neskekin munduko txapelketarako kanpoan izan ostean, Lauburukoek Mikel Diestroren aginduetara egongo dira berriro. Espainiar selekzioak, pasa den asteburuan, Guatemalan, Brasilen aurka finalaurrekoak galdu eta hirugarren postua lortu zuen, Portugali, partidu bikain batean, 8-1 irabazi ondoren.

Oraingo honetan Belabietara datorren taldea C.D. Fuenmayor da, 15 puntuekin hamaikagarren postuan dagoena. Laburun antzera, errioxarrak, iaz kategoriari ongi eutsi zioten eta aurten, iazko kanpainan zuten gorputz teknikoa zein lantaldearen gehiengoa mantentzearen aldeko apostua egin dute. Jose Luis Balmasedak gidatutako taldeak, gainera, lau jokalari berri ditu: Juan Ramon Tejada de Agoncillo F.S., Cristian Plaza eta Alejandro Cabrerizo, Calahorrako A.D. Lardero taldetik datozenak, eta Mario Langarica, aurreko kanpainan partidaren bat edo beste jokatu ostean, filialetik igo dena.

Partidu hau ere, garrantzia handikoa da, 3 puntuak etxera eraman eta Zaragozara,  Ebrosalaren kantxara, moralki indartsu bidaiatzeko Belabietako afizioaren bultzada ezinbestekoa izango da.

Atsedenaldian Mahala eta Danon Txokoa laguntzaileen produktuak zozketatuko dira. Taldeko bazkide guztien artean, bi pertsonentzako afari baten seigarren zozketa ere bertan egingo da, partiduan bertan egon edo ez. Bosgarren zozketako afaria, Danon Txokoan, Lazaro Otamendik irabazi zuen, zorionak!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!