Lauburu hiru puntuekin etxeratu da Castellotik

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2015ko aza. 30a, 11:32

Lauburuk Segorben 3-4 irabazi zuen, partida bizi batean azken segundura arte sufritu ondoren.

Lehenengo zatia errespetu handiarekin hasi zuten bi taldeak, jokaldiak sakontzen saiatzen ziren baina defentsak erasoak zapuzten zituztela joan ziren lehenengo minutuak.

Seigarren minutuan 0-1ekoa iritsi zen Juanan Rodriguezen mutilentzat, Ioritzek bandatik jaso, Unairi pasa eta honek atezainaren aurrean agertuz tantoa egin zuenean.

Tantoaren ondoren etxekoak jokua menderatzen eta jokaldi luzeak egiten hasi ziren baina ibartarrak ongi babesten zuten eta trantsizio azkarren bidez arrisku egoerak sortzen zituzten, Segorbekoak ustekabean harrapatuz.

Lehenengo zatia aurrera zihoan baina markagailua bere horretan jarraitzen zuen, nahiz eta bi taldeek aukera garbiak izan zituzten. Bukaerarako 5 segundu bakarrik falta zirela, Garmenek kantxa erdian baloia ostu eta kontraerasoan Andoniri lagundu zion honek 0-2koa egin zezan. Bigarren tantoarekin atsedenaldia iritsi zen.

Bigarren zatian joku biziagoa egin zuten bi taldeak eta aukerak bientzako izan ziren, baina denbora aurrera eta golak falta. Zortzi minutu falta zirelarik, etxekoek atezain-jokalaria atera zuten eta estrategia horren emaitza bost mintutuen bi gol egitea izan zen, berdinketara iritsiz. Honek aurreko kanpainako partida bat gogorarazi zien, tantoen aldea aprobetxatzen jakin ez eta minutu baten faltan bi gol jasan ostean, Valentziatik ezer gabe itzuli behar izan zutenekoa.

Zorionez, oraingo honetan ez zen horrelakorik gertatu, ondorengo jokaldian, 3 minutuen faltan, Txipik bandatik Garmentzat atera, honek Unairi pasa eta tantoa egin baitzuen, markagailuan 2-3koarekin aurretik ezarriz.

Etxekoek berriro atezain-jokalaria atera zuten eta piparreroen ateetara arriskua itzuli zen, baina indartsu erantzun zuten ibartarrak eta Iraitzek atetik atera egindako jaurtiketa bikain batekin beste tantoa egin zuen.

2-4koa zen baina lasai egoteko aukerarik ez, Segorbek erasoan jarraitzen zuen eta Iraitzen ateetara arrisku handiarekin hurbiltzen baitzuen. Horrela, 20 segundu falta zirela, 3-4koa egin zuten etxekoek eta partida amaitu zen.

Garaipen ezin hobea Laubururentzat, Bigarren B Mailako lehen postuetarako lehian zuzen-zuzenean sartzen baitira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!